Krisi Ekonomikoa -
Aurreikuspen ekonomikoak
Langabezia % 26,9ra igoko da 2013an Espainian, EBren arabera
Bestalde, Europar Batasuna Espainiari defizita murrizteko denbora gehiago emateko aukera aztertzen ari da, aurten % 6,7koa eta datorren urtean % 7,2koa izango delako.
Erredakzioa
Aurten Espainiako langabezia-tasa % 26,9ra igoko dela aurreikusi du Europako Batzordeak. Eurogunean eta Europar Batasun osoan ere goranzko joera izango da, gaur argitaratu dizten aurreikuspen makroekonomikoetan agertzen denez.
2014an ez da langabe kopurua haziko, baina beherakada oso arina izango da, urte amaieran langabezia-tasa % 26,6an egotea espero baitute.
Defizita
Aurreikuspen horien arabera, Espainiaren defizit publikoa Barne Produktu Gordinaren % 6,7an geratuko da urte amaieran, eta % 7,2raino igoko da 2014an.
Bruselak defizit helburu batzuk ezarri zizkion Espainiari: % 6,3koa 2012rako, % 4,5ekoa 2013rako eta % 2,8koa 2014rako.
Horren harira, Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteorde eta Gai Ekonomikoen arduradunak iragarri du defizita murrizteko egutegia luzatzeko aukera dagoela, Gobernuari eskatutako egiturazko esfortzua egin dela egiaztatuz gero.
Hazkundea 2014an
Europako Batzordearen arabera, Espainiako ekonomiak atzeraldian murgilduta jarraituko du 2013an, BPGren % 1,4ko beherakadarekin, eta 2014an % 0,8 haziko da.
"2012ko azken hiruhilekoan atzeraldia areagotu ostean, BPGren beherakada aurten arindu egingo dela espero da, eta urte amaieran hondoa joko du", adierazi du Europako Batzordeak.
Eurogunea
Europako ekonomiari dagokionez, 2013rako Euroguneko hazkunde aurreikuspena jaitsi egin du % 0,3raino aurten eta % 1,4raino datorren urtean. Europar Batasunaren kasuan, BPG % 0,1 haziko da aurten eta % 1,6 datorren urtean.