Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa ETBn
Ekonomia suspertzeko zalantza 'nabarmenak' ikusten ditu Adegik
Pello Guibelalderen arabera, lan erreformak "enplegu asko salbatu ditu", eta erreformagaitik ez balitz, enplegu horiek "galdu" egingo lirateke.
Erredakzioa
Pello Guibelalde Adegiko presidentearen iritziz, ezin daitake susperraldi ekonomikoaren hasiera zehaztu oraindik ere zenbait "zalantza" daudelako, horietako batzuk "esanguratsuak".
ETBn egindako adierazpenetan, Guibelaldek lan erreformaren alde egin du, enplegua "deusezta" ez zedin egin zela argudiatuta, eta, bere ustez, gertaerek "arrazoia" ematen diote lan erreformari.
Gibelalderen hitzetan, galtzen den enplegu gehiena enpresek finantziazio falta dutelako edo eskaera jaitsi eta ateak itxi egin dituztelako da. "Lan erreformak eragindako kaleratzeen kopurua oso txikia da", esan du.
Adegiko presidentearen arabera, enplegua deusestatzearen arrazoia ekonomia "ondo ez dabilela" da, eta hori "bankuek enpresei kreditua ez" ematearen ondorioa da. Bere ustez, lan erreformak "lanpostu asko salbatu ditu", eta erreformagaitik ez balitz, enplegu horiek "galdu" egingo lirateke.
AHTren lanen atzerapen "larria"
Bestalde, azpiegitura handiei dagokienez, ekonomiaren "motorra" eta "lurraldeen etorkizuna" direla azpimarratu du. "Azpiegituretan inbertitzen ez badugu, atzera egingo dugu, eta horrek etorkizuna okerrerako baldintzatuko digu". "Azpiegitura beharrezkoa da, arnasten dugun oxigenoa bezala", gaineratu du.
Abiadura Handiko Trenari dagokionez, "gehiegi ateratzen ari dela" esan du, 2018a arte luzatuta. "Antza denez, dirurik ez dago eta AHTk atzerapena izango du". Atzerapen horri "larria" deritzo, "baina larriena azpiegitura gehiago ez egitea da".