Krisi Ekonomikoa -
Estatuko datuak
Langabezia % 3 eta % 7 igo da EAEn eta Nafarroan
Urtarrilean abenduan baino % 2,72 langabe gehiago zeuden (132.055) Espainiako Estatuan. 2012ko urtarriletik % 8,28 hazi da langabezia-tasa, 380.949 langabe gehiago baitaude Estatuan.
Erredakzioa
Enplegu zerbitzu publikoen bulegoetan zenbatutako langabeen kopurua % 3,67 hazi zen abendutik urtarrilera EAEn, eta guztira 175.281 zeuden. Nafarroan, berriz, % 7,03 igo zen langabe kopurua, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez.
Lurraldeka, Araban izan du langabezia-tasak gorakada handiena, % 4,56koa (1.213), eta guztira 27.797 langabe daude bertan. Gipuzkoan, 2013ko lehenengo hilean 2.035 pertsona joan ziren langabeziara (% 4,27), eta 49.723 langabe daude.
Portzentajeari begiratuta, Bizkaian izan zuen langabeziak gorakada apalena. % 3,11koa izan zen (2.950 pertsona), eta 97.761 langaberekin amaitu zuen urtarrila.
Nafarroa
Nafarroan, abenduan baino 3.653 langabe gehiago zeuden urtarrilean, eta langabezia tasak % 7,03ko gorakada izan zuen, 55.597ko kopurura iritsi arte.
Aurreko urteko hilabete beraren aldean, langabezia-tasa % 10,86 igo zen.
Estatua
Abenduan baino 132.055 langabe gehiago zenbatu zituzten urtarrilera amaieran Espainiako Estatuan. Hori horrela, guztira 4.980.778 langabe daude, abenduan baino % 2,72 gehiago, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez.
2012ko urtarrilean baino 380.949 langabe gehiago daude Estatuan, % 8,28 gehiago hain zuzen ere.
Sektore guztietan igo da langabezia: zerbitzuetan % 3,64; nekazaritzan % 8,15; industrian % 1,43 eta eraikuntzan % 0,46.