Krisi Ekonomikoa -

Elkarrizketa

Jaurlaritza: 'Ez da proiektu faraonikoetarako garaia'

Ana Oregi Ingurumen sailburuak zehaztu duenez, hala ere, "AHTrako diru-partidei eutsi egingo zaie", baina Donostiako metroaren proiektua eta Pasaiako kanpo portua ez ditu horren argi ikusten.

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua. Argazkia: EITB
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua.
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak azaldu duenez, egungo egoera ekonomikoan "ez da proiektu faraonikoetarako garaia", baina "AHTrako diru-partidei eutsi egingo zaie guri dagokigun zatian (Gipuzkoan), Ogasun sailburuak iragarri zuen moduan".

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean Oregik azaldu duenez, Abiadura Handiko Trenaren kasuan, "Madrildik datorren dirua konprometituta dago", baina "bilera eskatu dugu Sustapen Ministerioarekin, eta hortaz hitz egingo dugu".

Ingurumen sailburuak jakitera eman duenez, "ez da kasualitatea Garraiobide sailburuordetza Ingurumen Sailean sartzea, garraiobideak iraunkortasunean garrantzia handia duela uste baitugu".

Horren harira, iraumkortasuna sustatzeko "garrantzitsuena trena" dela eta hor jarriko dutela "esfortzua" azpimarratu du.

Donostiako metroa

Aurreko Jaurlaritzak egin nahi zuen Donostiako metroari dagokionez, Oregik esan du bere helburua "Donostialde osoa lotzea" dela, baina ez dela metroa bezalako "proiektu faraonikoetarako garaia, momentu honetan bizi dugun krisia izugarria" dela eta.

Hala ere, Oregik zehaztu du ez dakitela oraindik zer egingo duten, eta "herritarren beharrak" kontuan izan behar direla azpimarratu du: "Denon artean pentsatu behar dugu zein den Donostialderako garraiobide onena"

Pasaiako Portua

Pasaiako kanpo portuari dagokionez, Oregik esan du "kontra" egon izan dela eta "orain" ez duela "iritzia aldatuko". Hori horrela, "barruko portua berritzea eta zaintzea, eta han bizi direnen bizitza hobetzea" izango duela helburu jakinarazi du.

Fracking-a

Araban gasa ustiatzeko jarri nahi duten Fracking sistemari buruz galdetuta, Oregik esan du "ingurumen arauak errespetatuz" egin beharko dela, baina "egungo teknikekin" hori ez dela posible.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea