Krisi Ekonomikoa -
Davoseko Foro Ekonomikoa
Christine Lagarde: 'Susperraldi ekonomikoa ahula izango da 2013an'
Eurogunean sustapen ekonomikoa mantentzeko banku-batasunaren alde egitea gomendatu du Nazioarteko Diru Funtsako zuzendariak.
Erredakzioa
Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsako zuzendariak adierazi duenez, Eurogunean, AEBetan eta Japonian "susperraldi ekonomikoa 2013an txikia eta ahula izango da".
Aurreikuspen ekonomikoei buruz Davoseko Foro Ekonomikoan izandako eztabaidan Lagardek azpimarratu duenez, zonalde hauetako ahultasunak bultzatuta, "erabaki egokiak hartu behar dituzte". AEBek eta Japoniak "sustapen ekonomikoa mantendu behar dute", esan du Lagardek.
Euroguneari dagokionez NDFko arduradunak esan duenez, Europako herrialdeek banku-batasunaren alde egin behar dute, diru-gordailuaren harira erabaki zailak hartu behar badira ere.
AEBei dagokionez, "zorraren eztabaidaren etorkizuna erabaki behar dute, eta epe ertainera defizita mugatu behar dute". Japoniak, berriz, "epe ertainera zorra murriztu beharko du". Lagardek adierazi duenez, "garatzeko bidean dauden ekonomiek krisian erabilitako motelgailuak berriro eraiki beharko dituzte".
Politika lagungarriak
Bestalde, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Txileko Celac-Europa Batasuna Goi-Bileran adierazi duenez, Europako ekonomia hazteko barne-kontsumoa ari da Alemania aprobetxatzen. Zentzu honetan, Hego Amerikara gehiago esportatzeko gomendatu dio Espainiako Gobernuari. "Eurogunea sendotzeko gure ekarpena ari gara dagoeneko egiten", azpimarratu du Merkelek.
Halaber, Goi-Bilera horren inaugurazioan Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak azpimarratu duenez, Euroguneak "krisiari aurre egiteko neurri erabakitzaileak" hartu ditu. Hala ere, "batasun ekonomikoan sakontzeko asko" geratzen dela aitortu du.