Krisi Ekonomikoa -
Greba mugagabea
Bizkaiko gasolindegien grebak hilabete bete du aurrerapausorik gabe
Jaurlaritza ostegunean bildu zen sindikatuekin eta Cebek Bizkaiko patronalarekin. Bihar, AEVECAR Espainiar estatuko patronalarekin bilduko da.
Erredakzioa
Bizkaiko gasolindegien greba mugagabeak hilabete bete du aldeen arteko negoziaziorik eta aurrerapausorik gabe. Hori dela eta, Jaurlaritzaren Enplegu Saila patronalarekin eta sindikatuekin bildu da.
Joan den ostegunean sindikatuekin eta Cebek Bizkaiko patronalarekin bildu zen, azken hau gasolindegi txiki eta independenteen ordezkaria da. Bihar ordea, AEVECAR Espainiar estatuko patronalarekin bilduko da; gasolindegi handiak biltzen ditu.
Bilera horietan, aldeek euren jarrera azaldu diote Enplegu Sailari. Hala ere Jaurlaritzak ez du proposamen ofizialik egingo biharko bilera egin arte.
Sindikatuen aldarrikapenak soldatei eustea eta lan hitzarmen berria sinatu arte aurrekoa indarrean uztea dira.
Bizkaian denera 114 gasolindegi daude, baina denak ez daude probintziako hitzarmenari lotuta, besteak beste, Eroskikoak, Lantegi Batuak talde berezikoak eta beste batzuk enpresako hitzarmen propioa dute.