Krisi Ekonomikoa -

Elkarrizketa ETB-n

Erkoreka: 'Gauza askotarako egongo da diru gutxiago'

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ez du zehaztu non izango diren murrizketak, eta aurrekontuetan "laguntza sozialek eta enpleguak" lehentasuna izango dutela azpimarratu du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburu eta bozeramailea. Argazkia: EITB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburu eta bozeramailea.
Erkoreka: 'Gauza askotarako egongo da diru gutxiago'

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburu eta bozeramaileak aitortu du Jaurlaritzak "gauza askotarako" izango duela "diru gutxiago", baina ez du zehaztu non izango diren murrizketak.

Erkorekak ETBko 'Egunon Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean berretsi duenez, murrizketak lehentasunak ezarriz erabakiko dituzte, eta lehentasuna "laguntza sozialek eta enpleguak" izango omen dute, "baina garapen ekonomikoa ahaztu gabe".

Horren harira, "merkatua duten" enpresek lanean jarraitu ahal izateko beharrezko finantziazioa lortzeko lanean dihardutela azpimarratu du. Hor kokatu du Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak enpresarien ordezkariekin abiatuko duen bilera-sorta.

Aurrekontuak

"Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartzen aurrekontuak ez izatearen aukera. Eusko Jaurlaritzak duen erronka ekonomikoa kolektiboa da, alderdi politiko guztiei dagokie erantzutea. Hori dela eta, alderdiek aurrekontuak ahalbidetzeko jarrera izango dutela espero dugu", adierazi du bozeramaileak.

Hori horrela, "arduraz" jokatzeko deia egin die euskal alderdi politikoei.

Bakegintza

Bakegintzari dagokionez, Herrirak euskal presoen eskubideen alde larunbatean deitu duen manifestazioari buruz galdetu diote Erkorekari. Jaurlaritzaren bozeramaileak salatu duenez, Espainiako Gobernuak "ez du erabakirik hartu kartzela-politikan bakea egonkortzeko". Erkorekaren esanetan, ETAk armak uztea erabaki zuenetik "terrorismoaren kontrako borrokan kokatzen duten kartzela politika horrek zentzua galdu du".

Hala ere, Erkorekak gogorarazi du EAJ ez dela alderdi gisa manifestaziora joango, baina "kartzela politika lasaitzeko lanean" ez duela "etsiko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea