Krisi Ekonomikoa -
Prezioen igoera
2013tik aurrera garestiagoak izango diren produktuen zerrenda
Besteak beste, hauek garestituko dira: argindarra, garraioa, alkohola eta tabakoa. Butanoak eta gasak, berriz, ez dute igoerarik izango.
Urte berriaren hasierarekin batera, hainbat produktu garestituko dira: argindarra, garraioa, alkohola eta tabakoa, besteak beste. Soldatak eta pentsioak ez dira neurri berean igoko. Urte berria, beraz, zaharra baino garestiagoa izango da.
Argindarra
Argindarraren faktura nabarmen igoko da, 6 euro hilabetean batez beste; izan ere, Espainiako Gobernuak gehiago gastatzen dutenei errekargu bat ezarriko die. Igoera % 3 eta % 7 artekoa izango da.
Garraioa
Asteartetik aurrera, garraioak ere gora egingo du. Tren-txartelak eta autobideetako bidesariak % 3 igoko dira, eta aireportuetako tasak % 6,3.
EAEko autobideetako bidesariak
Bilbo eta Donostia arteko bidea AP-8an barrena egiten duten gidariek 9,39 euro ordaindu beharko dute urtarrilaren 1etik aurrera (hau da, 26 zentimo gehiago), Bidegik helarazitako datuen arabera. Kamioi arinek 19,27 euro ordaindu beharko dute, eta astunek, 22,10.
Halaber, Bilbo-Zornotza tarteak 0,80 balioko du; Bilbo-Eibar tarteak, 4,55; Bilbo-Zarautz zatiak, 7,55; Donostia-Zarautz zatiak, 1,88; Donostia-Oriok, 1,48; eta Donostia-Gasteizek, 11,27 euro.
RENFE
Trenetako txartelak % 3 igoko dira batez beste, baina RENFE aldiriko eta distantzia ertaineko bidaien prezioa igotzea aztertzen ari da. Hala ere, oraindik ez dute jakitera eman igoera noiz sartuko duten indarrean, egun eskualdeko trenen zerbitzuen berregituratze prozesuan buru-belarri sartuta baitago Espainiako Gobernua.
Alkohola eta tabakoa
Zerga berezien igoera dela eta, alkoholdun edariak eta tabakoa ere garestiagoak izango dira. Altadisek bere markak 20 zentimo igoko dituela iragarri du.
Butanoa eta gasa, berdin
Berri ona gasak eta butanoak eman dute, 2013an ez baitira garestituko.