Krisi Ekonomikoa -

Bigarren Gobernu bilera

Jaurlaritzak 2013ko ordainsariak aurreratzea onartu du

Neurria "automatikoa eta derrigorrezkoa" izango da Jaurlaritzaren funtzionario guztientzat. Ostiralean bozkatuko dute Legebiltzarrean.

Josu Erkoreka, gaurko agerraldian. EITB
Josu Erkoreka, gaurko agerraldian. EITB
Jaurlaritzak 2013ko ordainsariak aurreratzea onartu du

1:35

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2013. urteko aparteko ordainsariak aurreratzea ahalbidetuko duen lege aurreproiektua onartu du gaur, Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuak egindako bigarren bileran.

Hori horrela, hurrengo urteko udako ordainsaria urtarrilaren lehen egunetara aurreratuko dute; eta abendukoa, aldiz, uztailera, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez.

Neurria Gasteizko Gobernuaren 67.000 funtzionarioei ezarriko diete, hau da, "automatikoa eta derrigorrezkoa" izango da, eta ez borondatezkoa.

Lege aurreproiektua asteazkenean iritsiko da Eusko Legebiltzarrera, eta ostiraleko saioan bozkatuko dute.

Erkorekaren esanetan, aurtengo abenduko ordainsaria ez emateagatik aurreztuko dituzten 208 milioi euroak "enplegu planak sustatzeko" eta "oinarrizko zerbitzuak bermatzeko" erabiliko dituzte.

Erabaki gehiago

Bestalde, Jaurlaritzak 1,96 milioi euroko diru-laguntzak onartu ditu, metalaren sektorean enplegua sortzeko. Guztira, 500 enpresak jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Gaurko bileran, gainera, Urkullu lehendakariak goi-kargudun gehiago izendatu ditu: Ana Agirre Justizia sailburuorde izango da, Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordea eta Itziar Epalza Merkataritza eta Turismo sailburuordea.

Erregearen Gabonetako mezua

Gaur ETBk Juan Carlos I.a Espainiako erregearen Gabonetako mezua eskainiko duela eta, Erkorekak adierazi du erabaki hori "EITBko zuzendariari" dagokiola eta "errespetatu" egiten dutela.

Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "Legebiltzarraren gehiengoa" mezua eskaintzearen aurka dago, "baina gai hau ez da garrantzitsuena Gobernu honenzat, ez diogu minutu bat ere eskaini gaurko kontseiluan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea