Krisi Ekonomikoa -

Elkarrizketa ETBn

PSErekin erreforma fiskalaz hitz egiteko prest agertu da Urkullu

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, murrizketak egongo dira Administrazio Publikoan, baina ez die funtzionarioei eragingo eta ez dira funtzionarioak kaleratuko.

Iñigo Urkullu lehendakaria ETBn egindako elkarrizketa batean. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu lehendakaria ETBn egindako elkarrizketa batean.
Iñigo Urkullu lehendakariari elkarrizketa EITBn

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu du EAJk zailtasunak izango dituela proiektuak aurrera ateratzeko Legebiltzarrean gutxiengoan egonda eta "koalizio gobernua lortzea ezinezkoa izan ostean".

Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko presidenteak aurreratu zuen ezinezkoa izango zela 2015ko udal-hauteskundeen aurretik beste alderdiekin itunak lortzea, baina Urkulluk ez du halakorik pentsatzen, epe "luzeegia" delako alderdiek jarrera aldatu eta egonkortasunaren alde akordioak lortzeko.

"Jarrerak lehenbailehen aldatzeko eta akordioak lortzeko lan egingo dut", berretsi du Urkulluk, Legebiltzarreko alderdiei erreferentzia eginez. EH Bilduren kasuan, ordea, koalizio abertzalea izan omen zen "hasieratik" koalizio gobernu bati uko egin ziona, "eredu sozialarekiko" zituzten desadostasunak medio.

Erreforma fiskalaz hitz egiteko prest ere agertu da, PSE-EEk aurrekontuak onartzeko baldintza gisa jarri ostean. Hala ere, sozialistak kritikatu ditu horren inguruko proposamenik ez aurkezteagatik.

PSE-Bildu ituna

Urkulluk erakundeetan aurrekontuen onarpena oztopatzen aritzea leporatu die Bilduri eta PSE-EEri, Arabako eta Bizkaiko kasuei erreferentzia eginez.

Urkulluk gogor kritikatu du ustez bi alderdi horiek egin duten aliantza, baina EAEko aurrekontuetan alderdi guztiekin adostasunetara iritsi nahi duela hitz eman du.

"Orain arte hainbat erakundetan ikusi dudana PSE-EEren eta Bilduren arteko itun bat da, ez Gipuzkoako aurrekontuak onartzeko bakarrik, baizik eta osoko zuzenketak aurkezteko", gaineratu du.

Urkulluk "arduraz" jokatzeko deia egin die alderdiei, interes orokorrak hala eskatzen duelakoan. Horren harira, datorren urteko aurrekontuak osatzeko lanean dihardutela jakinarazi du, baina ez du baztertu Legebiltzarrean gutxiengoan egonda, aurrekontuak luzatu behar izatea.

Autogobernua

Iñigo Urkullu lehendakariak "autogobernua egokitzeko" apustua aldarrikatuko du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin egingo duen bileran. Hitzorduak ez du oraindik datarik, baina dagoeneko hitz egin omen du agintari espainiarrarekin eta biltzekotan geratu omen dira.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Eusko Legebiltzarreko inbestiduraren egunean bertan hitz egin zuen Rajoyrekin.

Bilera horretan, EAJren EBBko presidente karguan egin zituen aldarrikapen berberak helaraziko omen dizkio.

Murrizketak

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, murrizketak egongo dira Administrazio Publikoan, baina ez die funtzionarioei eragingo eta ez dira funtzionarioak kaleratuko. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzan iragarri dituen murrizketak goi-kargudunei soilik ezarriko dizkietela jakinarazi du.

Urkulluk funtzionarioen Gabonetako aparteko ordainsariaren harira adierazi duenez, ahal baldin bada, astelehenean bertan aurkeztuko dute lege proiektua uztaileko aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzeko.

Hori horrela, "lehenbailehen" eramango omen dute Gobernu bilerara lege aurreproiektua "Legebiltzarrean irakurketa bakarrean" aurkezteko eta, onartuz gero, funtzionarioei soldata ordaintzeko.

"Baina Eusko Legebiltzarrari dagokion erabakia da. Jaurlaritzak, Estatutu eta Lege aldetik, ez du proiektua aurkeztu beste aukerarik eta talde parlamentarioak izango dira erabakia hartuko dutenak", gaineratu du.

PPren murrizketen aurrean, "berpizkunde ekonomikoa lortzeko eskumenak errespetatzea" eskatuko dio Espainiako Gobernuari.

Osasun koordainketari dagokionez, Jaurlaritzak "erresistentzia" lana egingo omen du ez ezartzeko, baina Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak "bete egin behar" direla azpimarratu du. Hala ere, Jaurlaritzak ebazpena aztertuko omen du "eskumenen ikuspuntutik"; baina azkenean, koordainketa aplikatu behar bada, denbora igaro beharko dela jakinarazi du.

Bakegintza

Bake prozesuaz galdetuta, Urkulluk uste du ETArekin hitz egin beharra dagoela, armak modu "ordenatuan" entregatzeko, baina diskrezioz jokatzeko deia egin du "dena bideratuta" egon arte.

Hori horrela, Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak ETArekin harremanak izan baditu, nahiago du herritarrei ez jakinarazi.

"Presoei, errefuxiatuei eta biktimei" eragiten dieten gaietan ere "erakunde terroristarekin hitz egin beharra" dagoela gaineratu du.

Jaurlaritzak egingo duen lanaren aldetik, Urkulluk adierazi du "lehenengo minututik" ari direla lanean biktimekin eta Memoriaren Institutuarekin elkarlanean arituko den taldea osatzeko.

EITB

Azkenik, EITBko Zuzendaritzaren aldaketa "Legebiltzarrak erabakiaren mende" dagoela azpimarratu du, eta Alberto Surio zuzendariarekin bildu behar dela bere "borondatea eta jarrera" zein den ezagutzeko, izan ere, garrantzitsuagoa iruditzen zaio "EITBren aldeko apustua zuzendaritzaren ardura baino".

Erregearen Eguberritako mezua

Beste alde batetik, lehendakariak esan du "eroso" sentitu dela ETBk Espainiako erregearen mezua zabaldu ez duenean, sozialistak Jaurlaritzara iritsi arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea