Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
2013a 'atzeraldi' urtea izango dela ohartarazi du Adegik
2012a 'oso urte txarra' izan dela esan du Jose Miguel Ayerzak. Haren ustez, aberastasunei Gipuzkoan ezarritako zergak mezu argia bidaltzen du: 'Enpresetan dirua inbertitzea ez da onuragarria'.
Erredakzioa
Jose Miguel Ayerza Adegiko idazkari orokorraren hitzetan, 2012a, ''zoritzarrez, oso txarra'' izan da. Azterketa makroekonomiko orokorra eginda eta enpresa guztien jarduera batuta, oso urte txarra izan dela esan du, ''ekonomiak behera jarraitu duelako''. Azterketa zehatzagoa ere egin du Ayerzak, eta ''enpresa batzuk ondo'' dabiltzala, beste batzuk ''arazoak'' dituztela eta itxi ere egin duten enpresak badaudela esan du. '
Euskadi Irratian egin duen elkarrizketa batean aurreratu duenez, 2013a ''atzeraldi'' urtea izango da, bai Espainian eta bai Euskadin ere. ''Espainiak atzeraldian jarraituko du hurrengo urtean, eta langabeziak ere gora egingo du'', ohartarazi du.
'Europara esportatzen du gehienbat Euskaditik, eta Europak ere atzeraldi urtea izan du; beraz eragin zuzena izan du horrek esportazioetan'', azaldu du.
Hala ere, izpi positibo batzuk ikusten ditu Ayerzak, batez ere AEBetan eta herrialde emergenteetan (besteak beste, Brasil, India eta Korea aipatu ditu). Beraz, berriz ere nazioarteratzea izango da gakoa, haren ustez, eta emergenteei saltzeko gai diren enpresek urte hobea izango dutela uste du Ayerzak.
''Azken 15 urteetan gure ekonomia artifizialki gizendu da, zorran oinarrituta. Orain erregimen sakona jasan behar dugu'', gaineratu du.
Lan erreforma
''Bere garaian balorazio positiboa egin genuen merkatuak eskatzen zuen malgutasunari aurre egiteko ahalmena ematen duelako'' , esan du Adegiko idazkari orokorrak.
''Gertatzen ari dena da ekonomia berak ez duela erantzuten; jarduera ekonomikoa da gaizki doana eta zaila da horrela lanpostuak sortzea'', azaldu du. ''Agian erreformaren eragina epe ertainera ikusiko dugu, jarduera hori sendotu ahala'', gaineratu du.
Fiskalitatea
Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaz ere aritu da Ayerza, eta, berez, zerga horren kontra ez daudela argitu du Adegiko idazkari orokorrak. Baina Ayerzaren ustez zergak bidaltzen duen mezua salatu du: 'Enpresetan dirua inbertitzea ez dela onuragarria'.
''Orain arte enpresariak enpresan dirua sartzen zuenean (makinak eta pabiloiak erosteko, lanpostuak sortzeko) ez zuen zergarik ordaindu behar. Datorren urtetik aurrera, enpresan sartutako diru horrek ere zerga ordaindu beharko du; eta, beraz, mezua zera da: hobe dirua bankuan edukitzea''.