Krisi Ekonomikoa -
Pentsioak
PSOEk eta UPyDK betoa jarri diote Amaiurri oposizioaren errekurtsoan
Oposizioko talde guztiek pentsioen inguruko erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu behar zuten gaur. Helegite horretan Amaiurren izena agertzen bada, baina, ez sinatzea erabaki dute PSOEk eta UPyDk.
Erredakzioa
PSOEk eta UPyDk betoa jarri diote Amaiurri, pentsioen inguruan oposizioak aurkeztu behar zuen errekurtsoa sinatzea ekiditeko. Kongresuko oposizioko taldeen adostasuna kolokan geratu da beto horren ondorioz.
Gaur goizean, Madrilgo Kongresuak baimena eman dio Rajoyren Gobernuak pentsioen inguruan hartutako azken erabakiari (pentsioak ez eguneratzea, alegia).
Erabakia jakina zen, eta gaur oposizioko talde politiko guztiek erabaki horren aurkako errekurtsoa aurkeztu behar zuten. Aurrenekoz talde guztiek bat eginda, Auzitegi Konstituzionalera jo behar zuten Rajoyren erabakiaren aurka helegitea aurkezteko.
Adostasuna gaur goizean apurtu da, PSOEk eta UPyDk hartutako erabakiaren ondorioz; izan ere, Amaiurrek helegitea sinatuz gero ekimenarekin bat ez egitea erabaki dute.
Sozialisten eta UPyDren erabakiak polemika piztu du Kongresuan. ERCk iragarri du ez duela “ikuskizun” horretan parte hartuko. Joan Tardak adierazi duenez, ERCk ez du errekurtsoa sinatu.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruak onartu egin du "arazoak" daudela "argazkian agertuko diren" Kongresuko kideen artean.
Emilio Olabarria EAJko diputatuak, Rosa Diez UPyDko bozeramaileak eta Cayo Lara IUko buruak ere agerraldiak egin dituzte gai horren inguruan hitz egiteko. Oposizioaren jarrera zein izango den ez dute oraindik argitu.