Fagor -
Fagor Etxetresnak
Catak dagoeneko eskuratu ditu Fagorren aktiboak
Hainbat aldiz atzeratu duten aktiboen sinadura egin du gaur Kataluniako konpainiak.
Erredakzioa
Fagor Etxetresnak enpresaren ekoizpen aktiboak Cataren (CNA Group) esku geratu dira jada, Bartzelonako notaritza batean erosketa-agiriak sinatu ostean.
Urriaren 8an egitekoa zen izenpetzea hainbat aldiz atzeratu dute, azkena, atzo bertan, "azken orduko arazo administratiboak tarteko".
CNA Taldeak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, operazioan parte hartuko duten finantza erakundeak egon dira sinadura ekitaldian: Caixabank, Bankia, Banco Popular, Banco Sabadell eta Banco Santander.
Izapide hau eginda, enpresa berriaren jarduera abiatzeko moduan dago Kataluniako konpainia. Izan ere, CNA taldeak hainbatetan adierazi duenez, "lantegiak eta merkataritza-plana prest daude".
Lehentasuna, Eskoriatza eta Garagartzako lantegiak
Konpainia katalanaren asmoen arabera, azaroko lehen hamabostaldian zabalduko dituzte Eskoriatza eta Garagartzako lantegiak, urtebete itxita eman ondoren. Izan ere, labeak, sukaldeko plaka, ur-berogailuak eta presio-eltzeak fabrikatzeari ekingo diete aurrena.
Dagoeneko 155 langile hartu ditu Catak Fagor Etxetresnak abiarazteko. Lau urte barru 800dik gora zuzeneko behargin hartzea da helburua. Beste 1.000 enplegu zeharkakoak izango dira, azpi-kontratatutako enpresetan, zerbitzu teknikoa emateko. Enpresa berria libre da egoki irizten dituen langileak hartzeko, baina, Fagor eta Edesa markei eusteko, gutxieneko kopuru bat hartu behar du kooperatiba itxi zenean lanik gabe geratutakoen artean.
Hornitzaileei dagokienez, Fagor Etxetresnakek Garagartzako eta Eskoriatzako zituen gehientsuenei eutsiko die Catak.