Fagor -
Edesa
Cata enpresaren ‘zehaztasun falta’ deitoratu du Basauriko Udalak
“Prozesu guztiaren atzerapenagatik kezkatuta” azaldu dira EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PPko bozeramaileak agiri bateratu batean.
Erredakzioa
Cata Kataluniako konpainiak Edesako lantegiarekiko mantentzen duen “zehaztasun falta” deitoratu dute Basauriko Udalaren talde guztietako ordezkariek. Fabrika berriro zabaltzeko prozesua bizkortzeko eskatu diote.
EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PPko bozeramaileak Xabier Bengoetxea Catako zuzendariarekin bildu dira gaur eta agiri bateratu bat igorri dute bilera amaitu eta gero. Konpainiako ordezkariak Edesa zabalik mantentzeko proiektuaren berri eman behar zien.
“Edesako egitasmoa aztertzeko eta zehazteko” lanean ari direla azaldu die Bengoetxeak bozeramaileei, Basauriko Udalaren hitzetan.
“Berogailuak fabrikatzeko linearen negozio planak behar duen langile kopurua, tokia, produkzio gaitasuna eta errentagarritasuna” aztertzen ari da Cata, politikariei jakitera eman dienez. “Urtea amaitu baino lehen prest egon daiteke”, erantsi du.
“Kezka atzerapenagatik”
“Prozesu guztiaren atzerapenagatik kezkatuta” azaldu dira Udaleko bozeramaileak bileraren ostean. Gainera, Catak ez ditu Edesako aktiboak datorren astera arte bereganatuko.
Atzerapenak negozio planaren bideragarritasunean eragin dezakeela uste dute Udaleko bozeramaileek. Horregatik, “Edesako lantegia berriro zabaltzeko beharrezko prozedura eta ekintza guztiak bizkortzeko”, eskatu dute politikariek.
Bestalde, Fagor Etxetresnakeko eta Edesako langileak “berdintasunean” hartzeko borondatea azaldu du Catako zuzendariak. Azkenik, Catak eta Basauriko Udalak bilera gehiago egiteko konpromisoa hartu dute.