Fagor -

Fagor Etxetresnak

EAJk itxaropenez hartu du Fagorren albistea, baina zuhurtzia eskatu du

Jeltzaleak Edesaren etorkizunarekin kezkatuta daude, izan ere, "ez dago argi" Catak zer egingo duen Basauriko lantegiarekin.

Itxaso Atutxa EAJren Bizkaia Buru Batzarreko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Itxaso Atutxa EAJren Bizkaia Buru Batzarreko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
EAJk 'itxaropenez' hartu du Fagorren albistea

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxaso Atutxa EAJren Bizkaia Buru Batzarreko (BBB) presidenteak azaldu duenez, jeltzaleek "itxaropenez" hartu dute Catak Fagor Etxetresnak erosi izanaren albistea, baina "zuhurtziaz eta lasaitasunez" jokatzeko deia egin du, izan ere, Kataluniako enpresak emandako "epeak oso motzak dira".

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Basauriko Edesa lantegiaren etorkizunarekin kezkatuta agertu da. Horren esanetan, Pedro Malagon Donostiako Merkataritzako arloko epaileak ateratako autoan "ez da argi gelditzen" Cata enpresak zer egingo duen Basauriko lantegiarekin eta enpresak berak ere "ez du kontua argitu".

"Itxaron, eta zuhurtziaz eta arduraz jokatu behar dugu, ezarritako epeak oso laburrak dira eta. Irailean hasi eta urrian ekoizten hastea da asmoa, baina ia abuztuan gaude. Ez dut uste horrelako egitasmo bat aurrera ateratzea erraza izango denik, aldaketa handia egin behar baita. Zenbat eta lasaitasun gehiagorekin eta planifikazio hobearekin egin, epe luzera ziurrenera segurtasun gehiago emango du", azaldu du.

Dena den, Fagorren erosketaren albistea "esperantzaz" hartu duela azpimarratu du. Orain, "Bizkaiko ikuspuntutik", Basauriko Edesa lantegiak kezkatzen du gehien Itxaso Atutxa.

Cevital enpresa aljeriarrak Fagor Etxetresnak erosteko egin zuen eskaintzan, Ecomac enpresa txiletarrarekin Edesan dirua inbertitzeko akordioa agertzen zen. "Catarekin zalantzak ditugu, izan ere, autoan ez dago ezer argi eta ez dakigu zer gertatuko den. Gainera, Cata berak ere ez du ezer argitu eta ikusiko dugu ea datozen asteetan auzia argitzen den", nabarmendu du.

Rajoy-Urkullu bilera

Atutxak "tamalgarritzat" jo du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariarekin bilerarik ez egitea "aspaldidanik". EAJren EBBko presidentearen iritziz, gai asko dituzte jorratzeko eta, hori dela eta, "ardura politikoagatik" Rajoyk Urkullurekin "lehenbailehen" bilera egin beharko lukeela adierazi du.

Arantza Quiroga Euskadiko popularren buruzagiak adierazi du ez duela uste epe motzean Rajoyk Urkullurekin bilera egingo duenik. Quirogari erantzunez Atutxak azaldu du "errespetu guztiarekin" hobe izango dela Mariano Rajoyri galdetzea, izan ere, "Quirogak bilera amaitutakoan izaten du haren berri".

Erabakitzeko eskubideaz eta Euskadiren etorkizunaz gain, Rajoyk eta Urkulluk elkarrekin jorratu beharreko hainbat gai daude Atutxaren arabera. Dena den, ez daki zein egunetan elkartuko diren Rajoy eta Urkullu eta hori "tamalgarria" da Atutxaren iritziz.

"Espainiako presidenteak ezin du hainbeste denboran lehendakariarekin elkartu gabe egon, batez ere, jorratu beharreko hainbat gai mahai gainean daudenean. Gai horietako asko Espainiako Gobernuak bete egin behar ditu eta ez du egiten. Beraz, nik uste dut ardura politikoagatik Rajoyk lehenbailehen egin beharko liokeela hitzordua lehendakariari", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor albisteak