Fagor -

Fagor Etxetresnak

Catak 42,5 milioi euro eta 705 enplegu zuzen eskaini ditu

Cata, Cevital eta Ecomac enpresek Fagor Etxetresnak eta Edesa eskuratzeko egin dituzten azken eskaintzak gaur eguerdian ireki dituzte, eta aste honetan esango dute zeini iritzi dioten onena.

Catak asko hobetu du Fagor erosteko eskaintza

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cata enpresa kataluniarrak 42,5 milioi euro eskaini ditu Fagorren aktibo industrialengatik, eta lehen urtean 705 lanpostu zuzen sortzeko konpromisoa mantendu du, laugarrengoan 840 izango direnak; horrela, hasierako eskaintza bikoiztu du.

Konkurtsoari lotutako iturriek jakinarazi dutenez, CNA taldeko enpresaren eskaintza Aljeriako Cevitalena baino 14 milioi altuagoa da.

Zehazki, Catak 37 milioi eskaini ditu Fagor Etxetresnaken unitate produktibo guztien truke, eta beste 5,5 milioi '2 blokea' deritzon planagatik, kooperatibaren 'aktibo ez kaltetuak' lortzearen truke, alegia. Gainera, Catak azaldu du bere plan industrialak zeharkako 1.249 lanpostu sortuko dituela lehen urtean.

Fagorren aktiboak erosteko interesa zuten enpresek atzora arte zuten epea lehen eskaintzak hobetu eta berriak aurkezteko, eta gaur eguerdian ezagutu dituzte administratzaileek.

Cevital talde aljeriarrak 28 milioi euro eta 500 enplegu zuzen eskaini ditu Fagor Etxetresnak eskuratzeko. Proposamenak Garagartzako, Eskoriatzako eta Bergarako lantokiak hartuko lituzke, Donostian egindako agerraldian Sergio Treviño Brandt-Cevital enpresako presidente exekutiboak azaldu duenez. Hortaz, Cevitalek aurrekoan baino bost milioi euro eta 50 lanpostu gehiago eskaini ditu bere azken eskaintzan. Treviñok azaldu duenez, 28 milioi horiek eskudiruz ordainduko lituzkete eta, hiru urteko epean, lanpostuak 520ra igotzeko plana adostuko lukete. Plan horri esker, Edesa, Fagor, Aspes eta Splendid marken etorkizuna bermatzea lortzea espero du Cevitalek. Bestalde, Ecomac talde txiletarrarekin ere hizketan ari dela argitu du Treviñok, Basauriko Edesaren etorkizuna bermatuko lukeen akordio bat lortzeko helburuarekin.

Cata, Cevital eta Ecomac enpresek Fagor Etxetresnak eta Edesa eskuratzeko egin dituzten azken eskaintzak, aurrekoak hobetzen dituzten eskaintzak, gaur eguerdian ireki dituzte, eta aste honetan esango dute konkurtsoko administratzaileek zeini iritzi dioten onena.

Unai Rementeria Bizkaiko Presidentetza diputatuak Edesako jarduera eta lanpostuak mantentzea ahalbideratuko duen eskaintza hobestea eskatu dio epaileari. Ecomac talde txiletarra Edesa bere gain hartuko lukeen taldea ez izatea "ulertzen zaila" izango zela esan zuen iragan astean  Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Rementeriaren hitzetan, Foru Aldundiaren "helburu bakarra" Edesaren itxiera saihestea da.

Konkurtso-administratzaileen ustez, orain arteko eskaintzak, bai Aljeriako Cevitalena (23 milioi euro, Fagorren aktiboen ordainetan, eta 450 lanpostu zuzen eta zeharkako 1.000 lanpostu mantentzeko eskaintza egin du) bai Kataluniako Catarena (21 milioi euro eskaini eta 700 lanpostu zuzen eta zeharkako 900 lanpostu mantentzea proposatzen du), ez ziren behar bestekoak.

Ecomacek egindakoa beste maila batekoa da, eta osagarri gerta daiteke. Izan ere, Edesagatik 7 milioi euro eta 100 lanpostutik gora eskaini ditu enpresa txiletarrak.

Pedro Malagon konkurtsoaren ardura duen epaileak Cataren eta Cevitalen eskaintzak paretsu geratu direla ikusiko balu, lehiakideekin elkartu eta beste saio bat egin lezake, erabakia hartu aurretik. Azken ebazpena, hala ere, gaur zortzirako espero da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor albisteak