Fagor -
Hartzekodunen konkurtsoan
Edesa eta Fagor erosteko proposamenak hobetzeko epea bukatu da
Cevital eta Cata enpresek iragarri dute hasierako proposamenak hobetuko dituztela. Jaurlaritzaren iritzian, garrantzitsuena "ahalik eta enplegu gehien mantentzea da".
Erredakzioa
Gaur, astelehena, bukatu da Fagor Etxetresnak eta Edesa eskuratu nahi dituzten enpresek proposamenak hobetzeko epea. Orain arte interesa agertu duten lau enpresetako bik, Cevitalek eta Catak, hasierako proposamenak hobetuko dituztela iragarri dute. Dena dela, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak ziurtatu duenez, Fagor Etxetresnak eta Edesa eskuratzeko eskaintzak egin dituzten lau enpresek proposamenak "hobetuko dituzte" astelehenean.
Cata Kataluniako enpresak 19,8 milioitik 21,3 milioira igo du hasierako eskaintza, eta Cevital Aljeriako enpresak Donostiako Merkataritza arloko 1 zenbakiko Epaitegian (euskal kooperatibaren konkurtsoa esku artean duena) aurkeztu ditu dagoeneko proposamen berriaren xehetasunak.
Efek egindako elkarrizketa batean, Tapiak gogora ekarri du aipatutako proposamenak aurreko epean egin zituztela (asteazkenean bukatu zen), baina nahi izanez gero, bigarren aukera bat izango dute eskaintza hobeak egiteko.
"Enpresak elkarri begira ari dira. Oraindik ere hobetuko dituzte eskaintzak. Hobekuntza bat egin dute dagoeneko, baina benetakoa astelehenean izango da", esan du.
Sailburuaren esanetan, Jaurlaritzaren ikuspuntutik, garrantzitsuena "ahalik eta enplegu gehien eta industria jarduera handiena mantentzea da", eta "proiektua arrakastatsua izatea eta jarraikortasuna izatea bermatzea".
Euskal kooperatibaren enpresak bere gain hartzen dituenak Debagoiena suspertzea eta, batez ere, etxetresnen sektorea bultzatzea nahi du Iñigo Urkulluren Kabineteak.