Fagor -
Erosketa eskaintza
Ecomac talde txiletarrak Edesa erosteko egindako eskaintza hobetu du
Taldeak ez du eskaintza berriari buruzko xehetasunik eman nahi izan, baina bere helburua Basaurin eta EAEn lanpostuak sortzea dela nabarmendu du.
Erredakzioa
Ecomac talde txiletarrak Basauriko Edesa lantegiagatik egindako lehen eskaintza hobetu du eta Donostiako Merkataritza Alorreko 1. zenbakiko epaitegiaren aurrean erregistratu du aipaturiko eskaintza. Lehen eskaintzan, Edesaren truke 7 milioi euro ematea eta 113 lanpostu zuzen eta zeharkako 60 sortzea bermatu zuen.
Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenetan, Gonzalo Uriarte Ecomac taldeko zuzendaritzako kideak ez du eskaintza berriari buruzko xehetasunik eman nahi izan "konkurtso prozesua ez oztopatzeko". Dena den, taldearen helburua Basaurin eta EAEn lanpostuak sortzea dela nabarmendu du.
Dena den, Edesaren Basauriko lantegiko konfort adarrari buruzko behin betiko eskaintza astelehenean aurkeztuko dute. Bien bitartean, ez dute baztertzen Fagor Etxetresnak kooperatibaren beste adar batzuekiko interesa agertu duten enpresekin kolaboratzea. "Jarrera irekia daukagu eta eskaintzak egin dituzten beste pertsonekin kolaboratzeko prest gaude. Ez dugu aukerarik baztertzen eta datorren astelehenean zehaztuko dugu", azaldu du.
Bestalde, Ecomac taldeak azpimarratu du Basauriko Edesa lantegiarekiko interesa duela soilik eta bere helburua lantegiaren konfort adarra suspertzea dela.