Fagor -
Donostiako Auzitegia
Cevitalek 25 milioiren truke eskuratu ahal izango ditu Fagorren markak
Pedro Malagon epaileak Cevitalek jarritako helegitea onartu du, eta konpainia aljeriarrak Fagor Ireland Brandt, De Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook eskuratu ahalko ditu.
Erredakzioa
Cevitalek Fagor Etxetresnak taldearen nazioarteko markak 25 milioi euroren truke eskuratzeko baimena eman du Donostiako Merkataritza arloko epaitegiak. Horrenbestez, konpainia aljeriarrak hasiera batean egin zuen eskaintza ontzat eman du.
Pedro Malagon epaileak gaur jakinarazitako autoan, Alas Ibericak (Cevitalek Espainian duen filiala) joan den martxoaren 12ko ebazpenaren aurka jarritako helegitea aintzat hartu du. Epaileak Fagorren markak erosteko prezioa 35 milioi eurora igo, eta salmenta gauzatzeko zenbait baldintza jarri zituen orduan.
Gaur iragarritako epaiaren ostean, Cevitalek bidea irekita dauka Fagor Irelanden menpekoak diren Brandt, De Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook markak erosteko.
Likidazio fasea hasi aurretik, ezinbestekoa da Fagor Etxetresnen edozein aktibo saldu ahal izateko baimen judiziala izatea, aipatutako markek balio-gutxitze arriskurik izan ez dezaten. Nolanahi ere, epaileak jada bere esku dauka Fagorreko administrazio konkurtsalaren likidazio plana.
Ebazpenaren xehetasunak
Gaurko ebazpenaren arabera, Malagon epaileak zenbait txosten aztertu ditu bere erabakia hartu aurretik; Fagor Brandtek eta kontsultore independenteek igorritakoak, hain zuzen ere. Alabaina, erabat fidagarriak ez direla argudiatuta, ez ditu aintzat hartu salmenta prezioari buruz horiek esan dutena.
Fagor Irelandeko administrazio konkurtsalak egindako behin-behineko txostena, berriz, ontzat eman du. Aipatzekoa da martxoaren 12an salmenta prezioa igotzeko erabakia hartu zuenean txosten hori ez zuela eskuetan oraindik.
Idatzi horretan zehazten da Fagorreko marken salmenta prezioa 29,5 eta 33,6 milioi euro artekoa izan beharko litzatekeela. Dena dela, estimazio horretan ez dira kontua hartu 2013ko eta 2014ko hasierako hilabeteetako 'royaltie' eta publizitate kostuak, eta, ondorioz, epaileak uste du prezioa Fagor Irelandek zehaztutakoa baino apur bat txikiagoa izan behar dela.
Cevitalek Fagor Ireland erosteko egindako eskaintza (25 milioi euro) baxua bada ere, epaileak uste du ezberdintasun hori orekatu egiten dela konpainia aljeriarrak marka eta patentea Garagartzako lantegiari (Arrasate) uztea erabakita.
Horrez gain, epaileak ez du beharrekotzat jotzen markak Fagorrek Gipuzkoan dituen lantegiei lotuta erostea. Horren harian, Kataluniako CNA taldeak Gipuzkoako plantak erosteko nahia agertu du azken asteotan.
Cevitalek, epeka egin beharrean, eskura ordaintzea erabaki izanak ere begi onez hartu du.
Estatuko Abokatutza helegitearen aurka azaldu zen, Alas Ibericak prozesu judizial honetan errekurtsorik jartzeko zilegitasunik ez zuela eta auzi honetako bi aldeetako bat dela argudiatuta.
FagorBrandti buruzko erabakia atzeratu dute
Nanterreko Auzitegiak, Parisetik kanpo, Fagorbandten (Fagor Etxetresnak taldearen Frantziako filiala) Cevitalen adjudikazioa datorren asteartera atzeratzea erabaki du gaur, lau fabrikei buruzko eskaintza globala zehazteko.