Fagor -

Bilera Bruselan

FagorBrandten likidazioa saihestu nahi dute Hollandek eta Rajoyk

Frantziako filiala desagertzeko arriskua ikusten dute buruzagiek, eta egoera aztertu dute presidenteek Bruselan.

Hollande eta Rajoy Bruselan. Argazkia: EFE
Hollande eta Rajoy Bruselan. Argazkia: EFE
Hollande eta Rajoy Bruselan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francois Hollande Frantziako presidenteak eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Bruselako goi-bilera FagorBrandt filialaren egoera aztertzeko aprobetxatu dute. Aldebiko markoan likidazio judiziala eragotzi nahi dute buruzagiek.

Le Monde egunkariak jakitera eman duenez, Hollande eta Frantziako agintariak Espainiako homologoekin bildu dira filial frantsesa desagertzeko arriskua ikusten dutelako. 2.000 pertsona baino gehiagok lan egiten dute FagorBrandten eta martxoaren 27an Nanterreko Merkataritza Auzitegiak erabaki bat hartzen duenean lanposturik gabe gera daitezke.

"Marken eztabaidak proiektu handi bat blokeatu behar ez duela esan diegu espainiarrei", azaldu du Frantziako aholkulari batek.

Cevital

"Martxoaren 27a baino lehen arazoa konpontzea edo Cevitalek aurrera egiteko bermeak izatea lortu behar dugu", erantsi du aholkulariak.

FagorBrandten zati handi bat bereganatzeko eskaintza egin zuen Cevital Aljeriako konpainiak. 1.200 lanpostu Frantzian, 350 Polonian eta 300 Espainian salbatzea ahalbidetuko luke eskaintzak.

Baina Donostiako merkataritza-gaietarako epaitegiak bertan behera utzi zuen martxoaren 14an, patenteen truke ordaindu behar zituen 25 milioi euroak nahikoa ez zirelako. Eskaintza 35 milioi euroko izatea eskatu zuen.

Frantziaren ekarpena

Issad Rebrab Cevitalen sortzailea Aljeriako gizonik aberatsena da, baina inbertsioa burutzeko garaian herrialdetik dirua ateratzeko mugak ditu, dibisen kontrola dela eta. Ondorioz, alternatibak bilatzen ari dira, Le Monde-ren arabera.

Konkretuki, Frantziak orain arte aurreikusitakoa baino diru gehiago jartzea aztertzen ari dira, baina ez gehiegi Europako lehiakortasunaren arduradunek operazioa legez kanpokotzat ez jotzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor gaur Rajoy