Fagor -

Hartzekodunen konkurtsoa

Mondragoni eta erakundeei 'babesa' eskatu diete Edesako langileek

Bilbon elkarretaratzea egin dute eta prestatzen ari diren bideragarritasun plana sustatzeko galdea egin diote Mondragon Korporazioari. Rrakundeei, bestalde, "laguntzeko eta babesteko" eskatu diete.

Lanari ekiteko laguntza eskatu diote MCCri Edesako langileek

1:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnaken filiala den Edesaren Confort negozio lerrorako prestatzen ari diren bideragarritasun plana sustatzeko galdegin diote gaur kooperatibako langileek Mondragon Korporazioari eta proiektuak aurrera egin dezan, euskal erakundeei bide horretan "laguntzeko eta babesteko" eskatu diete.

Langileek elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Albia Lorategietan (Justizia Jauregiaren parean) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Ondoren egindako prentsaurreko batean, oharra irakurri dute Ernesto Perez eta Teresa Perez langileen bozeramaileek. Confort negozio lerrorako langile talde bat prestatzen ari den bideragarritasun plana txalotu dute agerraldian.

Izan ere, euren ustean, orain arte aurkeztutako erosketa proiektuek "lanpostuen galera ekarriko lukete epe labur zein ertainean". Bideragarritasun planak, ordea, "lanpostuak, zuzenekoak zein zeharkakoak, mantentzea" suposatuko luke, euren hitzetan.

Hori horrela, "plan hori sustatzeko eta bere balio kooperatiboekin- elkartasuna, lanpostuak eta inguruarekiko konpromisoa-  bat egiteko" eskatu diote Mondragon Korporazioari. Korporazioak berak "idatziz hartutako konpromisoa, hau da, salbatu daitekeena salbatzea" hartu zuela gogorarazi eta, ildo horretan, "borondate faltagatik, ehunka lagun kalean uztea onartezina" dela azpimarratu dute.

Korporazioaren bultzada ez ezik, erakundeen "babesa eta laguntza ezinbestekoa" dela azpimarratu dute: "Lurraldearen industria alorraren aldeko euren apustua erakuts dezatela, gizarte aberastasuna sortzen duen eredu produktibo bat lehenetsita eta banketxeen espekulazioaz haratago joanda. Enpresa osagarriei, enpresa txikiei, autonomoei eta kaltetutako familiei  lagunduko diete modu horretan".

Bideragarritasun planaren xehetasuna ezagutzen ez dituztela azpimarratu dute Edesako langileen bozeramaileek, ostiralean "denbora eskatu" baitzieten planaren egileek.

Hori gorabehera, plan egiten ibiltzea "albiste ona" dela esan du Ernesto Perezek, "aurrekonkurtsoan geundenetik genion Confort negozio lerroa bideragarria zela", erantsi du.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako 3 milioi euroko bermeari dagokionez, eskaintza bere horretan dagoela uste dute, "kontrakorik" esan ez dutelako. Dena den, plana prestatzen ari direnek aldundiarekin harremanetan ote dauden ez dakite: "Hala izatea espero dugu, eta ez bada, hemendik aurrera izatea", nabarmendu dute.

Itxialdia, bere horretan

Birkolokatzeen berri zehatzik ez badute ere, gutxi gorabeherako datua eman du langileen bozeramaileak: "400 langile birkolokatu dituzte, azken astean, hiru".

Mobilizazioei eutsiko dietela jakinarazi dute eta Basaurin egiten ari diren itxialdia ere, bere horretan mantenduko dutela jakinarazi dute: "Han egongo gara botatzen gaituzten arte edo lanera itzultzen garen arte", agertu du Teresa Perezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea