Fagor -

Hartzekodunen konkurtsoa

Manifestazio jendetsua Basaurin, Edesa-Fagorreko lanpostuen alde

Edesako langileekin batera, Arrasatetik etorritako Fagorreko langileak (gorriz jantzita) eta Incasako (Mungia) eta Grumaleko (Azpeitia) langileak izan dira Basaurin. Inplikazioa eskatu dute.

Manifestazio jendetsu eta zaratatsua egin dute Fagorreko langileek

2:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.300 bat lagun bildu dira ostegun honetan Basauriko (Bizkaia) kaleetan, Edesa-Fagorreko lanpostuen alde egin duten manifestazioan. Basauriko langileek deitu dute martxa, beren enpleguen defentsan. Izan ere, Fagor Etxestresnak bezala, Edesa ere hartzekodunen konkurtsoan sartuko da.

Martxa bukatuta, kooperatibaren, Mondragon Korporazioaren eta erakunde publikoen inplikazioa eskatu dute Edesako eta Fagorreko langileek, enpresaren jarduera hondotik ateratzeko eta enpleguei eusteko.

Basauriko plantan itxialdia hasi zutenetik soinean eraman ohi duten kamiseta urdina jantzi dute gaur ere Edesako langileek. Gorriz jantzita, berriz, Arrasatetik Fagorreko hainbat langile hurbildu dira Basaurira, manifestazioan parte hartzeko. Bi autobusetan iritsi dira Fagorreko langileak, ''Gure enpleguen defentsa'' lelodun kamisetak zeramatzatela.

Manifestazioan, halaber, Azpeitiko Grumal enpresako langileak eta Mungiako Incasa enpresako langileak ere izan dira. Hartzekodunen konkurtsoan sartu da Incasa ere, Fagorrek bizi duen krisiak bultzatuta.

18:00ean abiatu dute martxa, txistu artean, eta ''Gure Lanpostuen alde'' lelopean.

Manifestación Basauri Edesa EFE

(Manifestazioa zaratatsua izan da)

Manifestazioan zehar "Fagor, unido, jamás será vencido" (Fagor, batasunean, ez dute inoiz garaituko), "Treviño escucha, seguimos en la lucha" (Treviño, entzun, borrokan jarraitzen dugu), ''No se quiere, sí se puede" (ez dute nahi, baina egin daiteke), "Por el empleo, ni un paso atrás" (enpleguaren alde, atzera pauso bat ere ez) edo "No es un concurso, es un engaño" (Ez da konkurtsoa, iruzurra da) oihuak entzun izan dira. Halaber, Mondragon Korporazioaren ''aterki'' falta salatuz ere mezuak oihukatu dituzte.

Ordaindu plataformak, bestalde, ''Non dago gure dirua?'' lemadun pankarta eraman du.

Manifestacion Edesa Basauri EFE

(Ordaindu plataformako kideak)

Euripean joan da manifestazioa, eta, ibilbidean zehar geldialdia egin dute Laboral Kutxaren egoitzan. Mondragon Korporazioaren kide ere bada Laboral Kutxa, eta Edesaren pegatinak jarri dituzte bertan

Basauriko udaletxetik igaro ondoren, Benta plazan bukatu dute martxa, eta langileek komunikatua irakurri dute. Testu horretan, inplikazioa eskatu diete Fagorri, Mondragoni eta erakunde publikoei, arazoari irtenbidea bilatu ahal izateko.

"Bazkideen enplegu-arazoa eta kaltetuak izango diren guztien arazoa konponduko duen adostutako industria proiektua behar dugu, eskualdeko industriari eustea ere ekarriko lukeena'', esan du Teresa Perezek, Edesa-Fagorreko langileen ordezkari gisa.

Edesa-Fagorrek eskualdeko enpleguaren aldeko apustuan hainbat hamarkada eman dituela gogoratu du, ''ohiko ereduaren ordezko izan den eredu partehartzaile eta kooperatibista'' bat defendatuz. Halaber, ''hiru uholderi, bi suteri eta berregituraketa bati'' aurre egin behar izan diotela gogoratu du.

''Guztion inplikazioarekin lortuko dugu, oraindik sinesten dugun horren alde borroka egiteko indartsu gaudelako'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea