burtsa -
Emaitza ekonomikoak
Euskaltelek 18 milioi euro galdu ditu, burtsan kotizatzen hasi ostean
Burtsan kotizatzen hasteak sortutako kosteak 18,4 milioi euroko galerak sortu dizkio euskal telekomunikazio konpainiari, urteko lehen seihilekoan.
Euskaltel telekomunikazio operadoreak 18,4 milioi euro galdu ditu urteko lehen seihilekoan, burtsara irteteak sortu dizkion galeren ondorioz, konpainiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalera bidali duen informazioaren arabera.
Euskaltel 2015eko uztailaren 1ean hasi zen burtsan kotizatzen, 9,5 euroko balioarekin akzio bakoitzeko. Guztira, merkatu kapitalizazioa 1.202 milioi eurokoa izan zen.
Konpainiaren arabera, epe honetako ohiz kanpoko kostuak kontuan hartu gabe, irabazi garbia 23,1 milioi eurokoa izango litzateke; 15,5 milioi eurokoa izan zen aurreko urtekoa.
2015eko ekainean pilatutako ebitda (irabaziak interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurretik) 76,04 milioi eurokoa da, aurreko urteko garai berekoa baino % 4,3 handiagoa.
Aurten, urteko lehen sei hilabeteetan, 161,7 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu Euskaltelek, eta 159,5 milioi eurokoak izan ziren iaz epe horretan. Horrenbestez, lehen aldiz, konpainiak gorakada izan du aurreko urteetako epe bereko datuekin alderatuta (% 1,4).
Galeren arrazoia
Euskaltel uztailean burtsan sartzeak eragin du galera. Izan ere, Euskaltelek 207 milioi euroko ezohiko dibidendua banatu zuen akziodunen artean. Bestalde, aurretik pilatutako zorrak berrantolatu zituen enpresa burtsan sartzearekin batera.
Urteko lehen seihilabeteko emaitza ekonomikoen barruan ez da R kable konpainiaren erosketa sartzen.