burtsa -
Proposamena
ELAk 5.000 pertsona kontratatzeko plan bat eskaini dio Osakidetzari
Sindikatuaren arabera, azken hiru urteetan 3.000 lanpostu baino gehiago galdu dira Osakidetzan, erabaki desegokien ondorioz; lanaldia luzatzea eta ordezkorik ez jartzea erabakita, esaterako.
Erredakzioa
ELAk 5.000 pertsona kontratatzeko plan bat aurkeztuko dio Osakidetzari, "azken urteetan galdutako" kalitatea berreskuratzeko, eta Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritzak "murrizketak" egiten jarraituz gero, lanuzteak eta protestak egiten jarraituko dutela ohartarazi du.
Sindikatuaren zenbait ordezkarik proposamena aurkeztu dute, Bilbon, Osakidetzaren enplegu politikaren inguruko txosten batean oinarrituta. Txostenaren arabera, Osakidetzan egungo politikak aplikatzen jarraitzekotan, "kolapsoa" izateko bidea hartuko du.
Mikel Noval ELAko zuzendaritza batzordeko kideak osasun arloan murrizketak egitea leporatu dio Jaurlaritzari, eta aurtengo aurrekontua, 2010koarekin alderatuta, "191 milioi euro txikiagoa" dela nabarmendu du. Horren esanetan, urte hartan BPGaren % 5,44 inbertitu zen bertan, eta aurten % 5,06 baino ez.
Txosten horren arabera, azken hiru urteetan 3.000 lanpostu baino gehiago galdu dira Osakidetzan, erabaki desegokien ondorioz; lanaldia luzatzea eta ordezkorik ez jartzea erabakita, esaterako.
Sindikatuaren ustean, horren moduko politiken ondorioz, 2008tik % 250 hazi da Euskadin osasun arloan lana bilatzen dutenen kopurua.