Bitxikeriak -
Bitxikeriak
Steve Jobsen zale batek Appleren logoa marraztu du 21km korri eginez
Omenaldi berezi hau Japonian egin du haren jarraitzaileak, ibilbide jakin bat eginez appleren logoa irudikatzeko.
Erredakzioa
Joseph Tame, maratoiak egiten dituen korrikalaria, ezaguna da jada bere lasterketak bere kabuz eta modu bitxian ezagutzera emateagatik. Oraingoan, omenaldi berezi bat eskaini nahi izan dio Steve Jobsi. Tokioko kaleetan 21 kilometroko ibilbidea eginez Appleren logoa marraztu du korrika. Horretarako, iPhoneren RunKeeper aplikazioa erabili du, GPSari begira korri egiten zuen bitartean, Ameriketako Estatu Batuetako konpainiaren sagarra marrazteko. Steve Jobsek Appleren zuzendaritza uztea erabaki ondoren, industria teknologikoak eta erabiltzaileek bat egin dute haren talentua aitortzeko. Omenaldiak bata bestearen atzetik egin dituzte; bitxiena Japoniako hau izan daiteke.
Tame Appleren produktuen jarraitzalea da, bere blogean irakurri daitekeenez, eta 2007tik bere produktuak erosi ditu, eta baita horiek ematen dituzten aukeraz gozatu ere. Korrikalariaren hitzetan, iPhona bat izateak "bizitza aldatu dio" eskaintzen dituen aukera guztiengatik.
Steve Jobsen dimisioa ez da oharkabean gertatu zale honentzat, eta omenaldi bitxi bat eskaini nahi izan dio. "Eskerrak eman nahi dizkiot Jobsen lidertza ikuspegiagatik, nire bizitzan izan duen eragin positiboagatik. Onena opa diot", adierazi du Joseph Tamek bere blogean. Bere miresmena nolabait erakusteko, Tokioko kaleetatik ibilbide berezia egin du.
RunKeeper aplikazioak egiten den ibilibidea mapa batean ikusteko aukera ematen du, eta Tamek mapan Appleren sagarra irudikatzeko bidea aukeratu du. Korrikalaria, besteak beste, Jauregi Inperialetik pasatu da logoaren zati bat egin ahal izateko, eta bi ordu behar izan ditu diseinu osoa bukatzeko.Ibilbidea bera eta lasterketaren datu guztiak RunKeeperen ikus daitezke. Korrikalariak erabiltzaileen esku utzi ditu datu horiek, Apple eta Steve Jobs horrela omendu nahi duen edozeinek eskura izan ditzan.