Bitxikeriak -
59 herrialdeetan aldi berean
Hemen da 'Lost' saioaren amaiera
Sei denboraldiren ostean, saioaren jarraitzaileek sortutako zalantzak argitu nahi dituzte. Azken kapitulua astelehen goizean eskainiko dute.
Erredakzioa
Sei denboraldi ikusi ostean, azken kapitulua besterik ez da falta. Lost saio ospetsuaren milioika jarraitzaileek astelehen goizean ezagutuko dute istorioaren amaiera. Azken emanaldiak bi ordu eta erdiko iraupena izango du eta 59 herrialdeetan aldi berean ikusteko aukera izango dute, horrela adierazi du mundu osoan banatzen duen konpainiak, Walt Disneyek.
Argitu gabeko gertakariek eta denboran aurrera eta atzerako bidaiek osatzen dute saioaren argumentua. Lost Ameriketako Estatu Batuetako saiorik garestienetako bat da. Sei denboraldietan, 220 herrialdeetako jarraitzaile mordoa lortu du.
Horrela, saioaren jarraitzaileek galdera horietako batzuen erantzunak argitzea espero dute. Zalantza horien artean dira: zer da uhartea, nork ordezkatuko du Jacob, zer gertatatuko da John Locke berriarekin, zein da Desmonden benetako betebeharra edo zer gertatuko zaie gainontzeko pertsonaiei, besteak beste.
Batzuentzat, behar bada, minutu "gutxitan" argitzeko galdera gehiegi dira. Hala eta guztiz ere, Lost saioak amaiera harrigarriekin aho zabalik utzi ditu behin baino gehiagotan ikusleak. Interneten dagoeneko amaiera zoriontsu bati buruzko eztabaida sortu da.
114. eta azken kapitulu horren arrakasta ziurtatua dago. Orain, gainera, Telebistaren Akademiak arauak moldatu ditu azken emanaldi horrek Emmy sarietarako hautagai izateko.