Bitxikeriak -
Le Canard Enchaine
Hollanderen ile-apaintzaileak 9.895 euro irabazten ditu hilean
Agintaldiaren amaieran bukatzen da kontratua, eta, horren arabera, ile-apaintzaileak “erabateko sekretupean” gorde behar du bere lana eta lanean entzuten duen informazioa.
agentziak | erredakzioa
François Hollande Frantziako Estatuko presidenteak hilean 9.895 euroko soldata duen ile-apaintzaile bat du 2012ko maiatzetik, Le Canard Enchaine egunkari satirikoak argitaratu duenez.
Gaur kaleratutako edizioan agertzen den titular baten arabera, horixe da Hollanderen ile-apaintzailearen soldata.
Barruko orrietan zehaztutakoaren arabera, Olivier B. apaintzaileak estatuburuaren agintaldia amaitzen denean bukatuko den kontratua du. Frantzian 2017ko maiatzean izango dira presidenterako hauteskundeak.
2012ko maiatzaren 16an sinatu zuten kontratua, eta agintaldi osoan 593.700 euro irabaziko dituela aurreikusten du.
Era berean, kontratuan agertzen denez, ile-apaintzaileak "erabateko sekretupean" gorde behar du bere lana eta lanean entzuten duen informazioa.