Bitxikeriak -
Genetika
'Dolly' ardiaren klonazioak 20 urte bete ditu
Ian Wilmut zientzialariaren ahotan, funtsezko aurrerapauso hori eman ez balitz, zelula amen tratamenduek bi hamarkadako atzerapena izango lukete.
Agentziak | Erredakzioa
Dolly ardia zelula heldu batetik klonatu zuten aurreneko ugaztuna izan zen. Ikerketa genetikoan gertaera garrantzitsua izan zen. Ardiak 20 urte beteko lituzke orain.
Funtsezko aurrerapauso hori eman ez balitz, zelula amen tratamenduek bi hamarkadako atzerapena izango luketela adierazi du Ian Wilmut ikertzaile eta zientzialariak Londresen, prentsaurrekoan.
Dolly 1996ko uztailaren 5ean jaio zen Roslin Institutuko laborategi batean, Edinburgon (Eskozia). Zelula heldu batetik material genetikoa atera eta obulu batean sartu zuten.
Hala ere, 1997ra arte ez zuten ardiaren berri eman. Ardia osasuntsu zegoela baieztatu arte itxaron zuten zientzialariek.
Gizakien klonazioa
Dollyren klonazioak gizakietan teknika bera aplikatzeko aukeraren inguruko eztabaida sortu zuen. “Kontu handiz” ibili behar dela ohartarazi du Wilmutek.
Dolly 2003ko otsailaren 14an hil zen, sei urte zituela. Zientzialariek hiltzea erabaki zuten, biriketan infekzio bat zuelako.
1984an, Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek ardi bat klonatu zuten lehen aldiz, eta 1995ean prozedura errepikatu zuten Roslin Institutuan.
Klonazio haiek enbrioi-zelulekin egin zituzten, baina Dolly zelula heldu batetik atera zuten. Prozedura hori ezinezkoa zela pentsatzen zuen ikertzaile gehienek duela bi hamarkada.
Hura hil ondoren, Dollyren gorpua Eskoziako Museo Nazionalari eman zioten. Jende asko erakartzen du bertara.