Bitxikeriak -
GOOGLE HOME
Google Home, etxeetarako bozgorailu adimentsua
Konpainia teknologikoak adimen artifiziala etxeetara ekarriko duela iragarri du. Bozgorailu hau berez, informazioa bere testuinguruan ulertzeko gai den laguntzaile pertsonal bat da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Google Home, galderei erantzuteko eta oinarrizko funtzio batzuk egiteko bozgorailu laguntzaile bat da. Urte bukaeran helduko da merkatura eta Amazonek duela bi urte sortutako Echo bozgorailuaren konpetentzia zuzena izango da.
Googlen bozgorailu adimentsua, besteak beste etxeko gailu ezberdinak konektatzeko gai izango da eta gainera, modu naturalean berarekin komunikatzeko aukera eskainiko du, izan ere, barruan eramango duen laguntzaile pertsonalak informazioa bere testuinguruan ulertzeko gai izango da.
Adimen artifizialaren lehia Sirik hasi zuen, gero Google Now etorri zen eta, orain, Amazon Echok eta Google Homek hartu dute aurrea. Datorren hamarkadan argi dago adimen artifizialak garrantzi handia izango duela gizartean eta, batek daki, agian Her pelikulan ikus daitekeena egi bihurtu daiteke.
Konpainia teknologikoak, Home aurkezteaz gain, laster iritsiko den Google Assistant laguntzaile pertsonala aurkeztu dute asteazkenean egin duten Google I/O 2016 kongresuan. Laguntzaile berri hau aukera paregabea da Googlek daukan adimen gaitasun guztia modu zentralizatuan eskaintzeko. Google Assistant ez dago programatuta gauzak egiteko bakarrik, ez bada ze, erabiltzaileetatik ikasteko ere. Erabiltzaileetatik beharrezko informazioa xurgatuko du eta automatikoki geroz eta adimentsuagoa izango da.
Zentzu berean, Google Assitant Chromecast eta domotikako gailuekin konektatuko da eta besteak beste, etxetresna elektrikoak kontrolatzeko aukera eskainiko du. Honetaz gain, udan merkaturatuko den Google Allo, mezularitza aplikazio berriarekin ere konektatuko da. Google Allo, WhatsApparen lehiakide zuzena izango da.