Alaves
SMARTBANK LIGA
Alavesek Mirandesi irabazi dio partida iraulita (1-3)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2022ko urriaren 15ean Gasteizko taldeak Andorran 0-1 irabazi zuenetik, ez dituzte 3 puntu lortu Mendizorrotzatik urrun.
-
Alavesek markagailua irauli du Mirandesen aurka. Argazkia: @Alaves
Alavesek etxetik kanpo zuen bolada txarra hautsi du Mirandesi 1-3 irabazita Anduvako estadiora egindako bisitan. Gasteiztarrak galtzen hasi dira baina Jasonek azkar berdindu eta markagailua iraultzeko bidea ireki dio talde babazorroari.
Mirandes-Alaves partidako laburpena
Joan den urriaren 15etik, Andorran (0-1), Alavesek ez zuen garaipenik dastatzen bere estadiotik urrun.
Igande honetan, markagailuan bana berdinduta, Alfonso Herrero atezainaren bi akatsek garaipena erraztu diete gasteiztarrei, igoera zuzenetik lau puntura jarriz.
Joseba Etxeberriaren taldeak, galdu arren, joko bikaina egin du, gol gosez eta arriskuarekin iritsiz, batez ere Pinchirekin. Baina Luis Garcia Plazaren taldeak bere aukerak aprobetxatu ditu.
Mirandesek aurrea hartu du 36. minutuan. Salva Sevillak kale egin du pase batean eta Roberto Lopezek baloia kontrolatu eta Sivera gainditu du.
Lau minutu geroago, Syllaren, Riojaren eta Jasonen jokaldi eder baten ondoren azken horrek markagailuari oreka itzuli dion gola egin du.
Atsedenaldiaren ostean, Burgoseko taldearen gola Luis Garciaren taldearena baino gertuago zegoela zirudien, baina Guridik indarrez urrundutako baloi bat pozoitu eta Oriol Reyk eta Alfonso Herrerok ez dute elkar ulertu. Akatsa baliatuz, Luis Riojak 1-2koa sinatu du (59. min).
Etxekoak kolpetik osatu gabe zeudenean, Toni Moyak 1-3koa sartu du (65. min), partidan ukitu duen lehen baloian.
Ia elkarren segidako bi golek Etxeberriaren taldea zapuztu dute, eta, aldaketak gorabehera, ezin izan dute saihestu hiru puntuak Alavesek eskuratzea, nahiz eta gehitutako denboran Juanluk langaren kontra bidali duen baloia.
Fitxa teknikoa:
1 - Mirandes: Alfonso Herrero, Juanlu, Alex Martín, Raul Navas, Michelis (David Vicente 74. min), Juan Durán (Nico Serrano 74. min), Gelabert (Jofre 84. min), Oriol, Roberto Lopez (Prados 74. min), Pinchi (Javi Llabres 62. min) eta Raul García.
3 - Alaves: Sivera, Tenaglia (Laguardia 80. min), Abqar (Arroyo 80 min), Sedlar, Ruben Duarte, Salva Sevilla (Toni Moya 62. min), Blanco, Guridi (Javi López 77. min), Jason (Benavidez 76. min), Luis Rioja, Sylla.
Golak: 1-0: 36. min, Roberto Lopez. 1-1: 41. min, Jason. 1-2: 59. min, Luis Rioja. 1-3: 65. min, Toni Moya.
Epailea: Hernández Maeso. Txartel horiak atera dizkie Durani (63. min) eta Abqarri (57. min).