Itxi

Osasuna

Santander Liga

Osasunak hiru puntuak poltsikoratu ditu Betisen aurka, Sadarren (3-2)

A. B. E. | EITB Media

Gorritxoek 3-2ko emaitzarekin irabazi dute Andaluziako taldearen kontra jokatutako Santander Ligako 30. jardunaldiko partida. Budimirrek bi gol sartu ditu, eta Moncayolak bat.

  • Ante Budimir

    Ante Budimir Osasunako jokalaria, Betisi sartu dion lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak irabazi egin du Betisen aurka (3-2) larunbat honetan, apirilaren 22an, Sadarren jokatutako Santander Ligako 30. jardunaldiko partida. Ondorioz, gorritxoek 41 puntu dituzte jada, eta salbazioa ia bermatuta dute.

Osasuna - Betis partidako laburpena

Bikain ekin dio norgehiagokari talde gorritxoak, seigarren minutuan 1-0ekoa jarri baitu Budimirrek sartutako golari esker; Osasunako aurrelariak baloia ate barrura bidali du Rui Silva atezaina gaindituta, Kike Barjaren pasea jaso ostean.

Gainera, bost minutu beranduago, etxeko taldeak zoramena eraman du Sadarreko harmailetara Budimirren bigarren golarekin (2-0); Kike Barjak erdiraleta egin du hegaletik, eta jokalari bosniarrak ez du barkatu aurkariaren ate aurrean.

Hasiera ona eman dio Osasunak neurketari, baina, pixkanaka-pixkanaka, Betis egin da baloiaren jabe; ondorioz, Sevillako taldeak desabantaila murriztea lortu du 16. minutuan Mirandak sartutako golarekin (2-1). Jokaldia nahasia izan da, Osasunako atzelariak ez dira baloia aldentzeko gai izan, Luiz Henriquek jaurtiketa egin, eta Mirandaren bizkarrean jo ostean baloia Sergio Herrerak babestutako atean sartu da.

Ondoren, 23. minutuan, Betisek izan du berdintzeko aukera, baina Borja Iglesias ez da fin ibili. Hala, lehia parekatu egin da, baina atsedenaldira iritsi aurretik, 41. minutuan, Osasunak beste gol bat sartu du; Moncayolak area kanpotik jaurti, eta Rui Silva atezaina gainditu du (3-1).

Atsedenaldiaren ostean, erasokorrago zelairatu da Betis, baina lehen abagunea Osasunak izan du; Budimirren errematea, ordea, Rui Silvak desbideratu du. Andaluziako taldearen erantzuna 62. minutuan iritsi da, baina Sergio Herrera atezainak gelditu egin du Canalesen jaurtiketa. Zazpi minutu beranduago, Herrerak beste gol bat saihestu du.

Ekinean jarraitu du Betisek, eta Pellegrinik zuzendutako taldeak aldeak murriztu ditu 70. minutuan Guido Rodriguezen golari esker (3-2); Betiseko jokalariak buruz errematatu du area barruan, eta Herrerak ezin izan du ezer egin.

Guidoren golak hauspotuta, berdinketaren bila jo du Sevillako taldeak. Hala, 85. minutuan Sergio Herrerak desbideratu egin du Rodriren errematea, eta minutu bat garoago Rodrik berak egindako jaurtiketa kanpora joan da zutoina jota.

Azken txanpan sufritu egin behar izan du Osasunak, baina Jagoba Arrasatek zuzendutako taldea sendo ibili da defentsako lanean, Betisek ez du abagune argirik izan amaierako minutuetan, eta Nafarroako taldeak hiru puntuak poltsikoratu ditu.

Fitxa teknikoa:

3 – Osasuna: Sergio Herrera; Ruben Peña (Nacho Vidal, 81. min), Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Kike Barja (Benito, 70. min), Moncayola, Ibañez, Aimar Oroz (Muñoz, 87. min), Abde (Manu Sanchez, 81. min): Budimir (Kike Garcia 81. min).

2 – Betis: Rui Silva; Montoya, Luiz Felipe, Edgar, Miranda (Abner, 81. min); Guido Rodriguez, Guardado (Rodri, 46. min), Luiz Henrique (Canales, 46. min), William Carvalho (Joaquin, 65. min), Ayoze: Borja Iglesias (Willian Jose, m. 65).

Golak: Budimir 1-0 (6). min, Budimir 2-0 (12. min), Miranda 2-1 (16. min), Moncayola 3-1 (41. min), Guido 3-2 (70. min).

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Aridane eta Kike Garcia Osasunako jokalariei.