Alaves
SMARTBANK LIGA
Rober Gonzalezek igoera postuetara itzuli du Alaves (2-1)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bere bi golek garaipena eman diete gasteiztarrei, Leganesen berdinketari buelta emanda.
-
Alavesko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: @Alaves
Rober Gonzalezek, bi golekin, Lehen Mailara zuzenean igotzeko postuetara itzuli du Alaves, bederatzi jardunaldi geroago, Leganesek lortutako berdinketari buelta emanda (2-1).
Euskal taldeak aurkari zuzenen emaitza txarrak aprobetxatu ditu eta bigarren posturaino egin du salto; 65 puntu ditu orain, Eibar liderrak baino bat gutxiago.
Alaves - Leganes partidako laburpena
Alaves indartsu eta ideia argiekin zelairatu da aurkariaren arearen bila. Hala ere, babazorroak ez dira fin ibili Leganesek defentsei egindako presioagatik.
Lehen aukera argia Nahuel Tenaglia argentinarrarentzat izan da, korner batean baloia kanpora errematatuta. Jon Guridik ere bere aukera izan du beste korner batean, Alaves protagonista izan duen lehen zatian.
Babazorroek zuzenago jokatu dute, eta baloiari egindako presioa aprobetxatzen saiatu dira, madrildarren posesioaren aurrean.
Estrategiak erakutsi die bidea, eta bandako sake batean iritsi da lehen gola. Asier Villalibrek ondo babestu du baloia, eta, lepoz, Rober Gonzalezi jarri dio baloia, honek buruz sarera bidaltzeko (1-0).
Carlos Martinezen taldeak atera egindako lehen jaurtiketan lortu du gola. Jorge Miramonen desmarke bat haren jaurtiketa indartsu batekin bukatu da, eta norgehiagoka berdindu du horrela, 54. minutuan (1-1).
Golak Leganesen animoak berpiztu ditu, partidari buelta emateko zorian egon direlarik. Baina Alavesek berriz berreskuratu ditu sentsazio onak.
Rober Gonzalezek euskaldunen kontraeraso bat bukatu du, ezkerkada aparta batekin garaipenaren gola egiteko (2-1). Atezainak ez du ezer egiterik izan.
Leganes berdinketaren bila abiatu da, baina Alaves sendo aritu da eta ez du arriskurik hartu partida bereganatzeko.
Fitxa teknikoa
2 - Alaves: Sivera; Javi Lopez, Duarte, Laguardia, Tenaglia (Arroyo, 68. min); Blanco (Moya, 82. min), Guridi; Rioja, Jason (Miguel, 68. min), Rober (Balboa, 85. min); eta Villalibre (Alkain, 85. min).
1 - Leganes: Riesgo; Josema, Jorge Saenz, Omeruo, Jorge Miramon (Nyom, 61. min); Neyou (Pardo, 46. min), Cisse (Qasmi, 86. min), Narvaez, Fede Vico (Navarro, 79. min); Karrikaburu eta Jose Arnaiz (Shibasaki, 46. min).
Golak: 1-0, 40. min: Rober. 1-1, 54. min: Miramon. 2-1, 83. min: Rober.
Epailea: Galech Apezteguia. Txartel horia atera die Jason, Rober, Blanco, Cisse, Shibasaki, Omeruo eta Qasmi jokalariei.