Alaves
SmartBank Liga
Alavesek berdindu egin du Mendizorrotzan Andorraren aurka (0-0), eta zuzeneko igoera puntu batera dauka
EITB MEDIA
Antonio Siverak bi geldiketa bikain egin zituen lehen zatian, eta, horrela, Gasteizko taldeak amaierara arte izan zuen norgehiagoka irabazteko aukera; Nico Ratti bisitarien atezainak ere lan handia egin zuen, markagailua mugi ez zedin.
-
Javi Lopezek bigarren zatian jokatu zuen, eta ondo ibili zen. Argazkia: @Alaves_eus.
Alavesek berdindu egin zuen Mendizorrotzan Andorraren aurka (0-0), astelehen gauean, SmartBank Ligako 35. jardunaldiaren azken partidan, eta, ondorioz, zuzeneko igoerako postuak puntu batera ditu; hain zuzen ere, Gasteizko taldea laugarren dago. Antonio Siverak bi geldiketa bikain egin zituen lehen zatian, eta Luis Garcia Plazaren gizonek, horrela, amaierara arte izan zuten norgehiagoka irabazteko aukera; Nico Ratti bisitarien atezainak ere lan handia egin zuen, Gasteizen markagailua mugi ez zedin.
Alaves-Andorra (0-0) partidaren laburpena
Txapelketa amaitzeko, zazpi neurketa falta dira orain, eta Alavesek aukera ona zuen Eibar liderraren atzean jartzeko; izan ere, asteburuan, talde armaginak eta Levantek bana egin zuten, Las Palmasek galdu egin zuen etxean (Oviedoren aurka) eta Granadak Zaragozan ezin izan zuen punturik urratu. Ikuspegi horretatik, esan liteke Gasteizko taldeak ez zuela abagunea baliatu, baina egia da, halaber, zuzeneko igoera lortzeko aukera handiak dituela; Las Palmas dago bigarren, 62 puntu dituela, zuzeneko igoerako azken tokian, eta Alavesek 61 puntu ditu.
VARek, jokaldi eztabaidagarrian, etxekoen gol bat baliogabetu zuen, lehen zatian. Alavesek hiru partida daramatza golik jaso gabe, sendo atzealdean, eta Andorraren aurkakoan ere horrela aritu ziren. Eder Sarabiaren taldea atsedenaldiaren aurretik moldatu zen hobeto, eta etxekoek bigarren zatian presioa areagotu, eta aurrerapausoa eman zuten.
Jason Remeseirok, 21. minutuan, area ertzetik egindako jaurtiketa polit baten bidez, Alaves aurretik jartzetik gertu izan zen. Siverak, 27. eta 38. minutuetan, bi geldiketa eder egin zituen, eta, bigarren zatian, Javi Lopez zelairatu zen eta horrek eragina izan zuen partidan, kanariarrak arriskua sortzea lortu baitzuen, ezkerretik (57. minutuan, gutxigatik ez zuen aurreneko gola sartu). Miguel de la Fuente izan zen protagonista gerora, kontraerasoan aukera handia izan zuelako eta penaltia eskatu zuelako (epaileak, baina, txartel horia erakutsi zion, protestatzeagatik).
Alavesen hurrengo aurkaria Sporting izango da, Molinonen, eta partida oso garrantzitsua izango da hori ere. Sportingek azken bi norgehiagokak irabazi ditu, lau daramatza galdu gabe, eta azken hamabi puntuetatik zortzi atera ditu; Asturiasko taldea suspertu egin da, hainbat hilabetez asmatu ezinik ibili ostean, eta hamabigarren dago sailkapen nagusian.
Fitxa teknikoa
0 - Alaves: Sivera; Duarte, Sedlar, Abqar (Javi Lopez, 46. min), Tenaglia; Blanco (Benavidez, 89. min), Salva Sevilla (Moya, 78. min); Guridi, Rioja, Jason (Alkain, 78. min); eta Miguel (Sylla, 71. min).
0 - Andorra: Ratti; Alti, Pastor, Mika Marmol, Pampin; Aguado, Molina (Gil, 71. min), Hector (Valle, 82. min); German (Jacobo, 71. min), Bundu (Izquierdo, 81. min) eta Carlos (Bakis, 64. min).
Epailea: Ais Reig (Valentziako Batzordea). Alavesen aldetik, Salva Sevillari, Migueli eta Duarteri erakutsi zien txartel horia; Andorraren aldetik, Martinezek eta Bakisek ikusi zuten.
12.311 ikusle, Mendizorrotzan.