Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Athleticek Espanyol menderatu du Williams anaien golei esker (1-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Iñaki eta Nico Williamsen bi golek garaipena eman diote talde bilbotarrari. Darderrek 90. minutuan egindako golak azken emaitza itxi du.

  • Athleticeko jokalariak Iñakiren gola ospatzen

    Athleticeko jokalariak Iñakiren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Williams anaiek gidatu dute Athleticen garaipena larunbat honetan, Espanyol mendean hartzeko RCDE Stadiumean bi gol sartuta, 90.ean Darderrek emaitza makilatu arren (2-1).

Espanyol - Athletic Club partidako laburpena

Orekarekin hasi da partida. Bi taldeetako batek ere ez du arrisku handirik nahi izan, eta biek neurtu dituzte izan diren hurbilketa urriak. Katalanek baloia atzetik atera nahi izan dute eta aurkariaren presio handiari irtenbideak aurkitu dizkiote, hasieran aukera argirik egon ez den arren.

Hala eta guztiz ere, Iñaki Williamsek gidoi hau hautsi du 22. minutuan. Aurrelariak Dani Garciaren pase luze bat aprobetxatu du eskuin hegaletik lasterketa egiteko. Jaurtiketa gurutzatua kolpe latza izan da etxekoentzat (0-1).

Espanyolek ez du erreakzionatu, are gehiago, Athleticek berriro urduritu ditu aurkariak Vesgaren jaurtiketa baten bidez. Atezaina berriro agertu da Sancetek buruz egindako errematea harrapatzeko, eskuinetik egindako erdiraketa baten ondoren.

Azken txanpan, Joseluk jokaldi bat egin eta baloia kanpora bidali du gutxigatik. Braithwaitek gola sartu du, baina bere gola baliorik gabe utzi du VARak, epaileak aldageletarako bidea seinalatu baino lehen.

Bigarren zatian, partida erritmo biziagoan hasi da. Athleticek, lasaiago, ez du zailtasun nabarmenik izan eta arriskua sortzen jarraitu du Pachecoren domeinuetan. Iñaki Williamsek bigarrena laztandu du 68.ean.

70. minutuan, etxekoek penaltia eskatu dute Yuriren falta batengatik. Epaileak baztertu egin du aukera hori. 75.ean Nico Williamsek partida erabakita utzi du, talde jokaldi bikain bat golarekin burutu ondoren (0-2).

Darderrek 90. minutuan sartutako golak itxaropena piztu dio Espanyoli, baina ez da denborarik izan (1-2).

 

Fitxa teknikoa

1 - Espanyol: Pacheco; Ruben Sanchez (Aleix Vidal, 46. min), Cabrera, Montes, Oscar Gil (Calero, 77. min); Gragera (Denis Suarez, 83. min), Edu Exposito (Nico Melamed, 57. min); Puado (Vini Souza, 83. min), Darder, Braithwaite eta Joselu.

2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Paredes, 89. min), Vivian, Iñigo Martinez (Yeray, 79. min), Yuri; Dani Garcia (Ander Herrera, 79. min), Vesga; Iñaki Williams, Sancet (Muniain, 68. min), Berenguer (Nico Williams, 68) eta Guruzeta.

Golak: 0-1, 22. min: Iñaki Williams; 0-2, 75. min: Nico Williams; 1-2, 90. min: Darder.

Epailea: Munuera Montero. Aleix Vidal kanporatu du. Txartel horia atera die De Marcos, Dani Garcia, Sancet, Gragera, Oscar Gil eta Calero jokalariei.