Itxi

Reala

SANTANDER LIGA

Realak galdu egin du Valentziaren aurka (1-0)

B. L. G. | EITB MEDIA

Zubeldiak 40. minutuan bere atean sartutako gol batekin Realak ezin izan du bigarren zatian markagailua irauli eta hiru puntuak Mestallan gelditu dira.

  • Take Kubo

    Take Kubo baloia bereganatzeko borrokan. Argazkia. EFE

Realak 1-0 galdu du Valentziaren aurka. Zubeldiak bere atean egin du partidako gol bakarra 40. minutuan eta txuri-urdinak ez dira emaitza iraultzeko gai izan.

Valentzia-Reala partidako laburpena

Partida hasi eta lehen aukerak Realaren aldekoak izan dira. Lehena 9. minutuan izan du Ricok, urrunetik egindako jaurtiketa batekin. Valentziako atezainak jaurtiketa gelditu eta bigarren saiakeran bereganatu du baloia.

Oyarzabalek ere estutu du valentziarren atea. Sorloth area barruan zain zegoela, Eibarreko jokalariak erdiraketa bat egin du hegaletik, baloiak Foulquier jo eta aterantz joan da baloia. Mamardashvilik, larri, baloia kornerrera bidali du.

Reala ez da eroso ibili Mestallako berdegunean. Valentziaren areara heldu bada ere, ez du gol aukera argirik sortzea lortu eta ez da jokoan nagusitu. Hala heldu da Valentziaren gola.

Kontraerasoan, Samu Linok atzera pasea egin eta Zubeldiak, bizkarrean erasoko bi jokalari zituela, baloia bere atean sartu du errematea ekiditzen saiatu denean. Etxeko taldeak lehen zatia amaitzeko 5 minutu falta zirela lortu du gola.

Bigarren zatia hasi denean, Realak berehala eman du lehen abisua (46. minutuan): korner batean Le Normandek baloia eskuratu eta Mamardashviliren atera jaurti du. Atezainak, baina, azkar erantzun du eta baloia berriro kornerrera bidali du.

Realak berdinketaren gola nahi zuen eta Rico berriro ahalegindu da urrunetik egindako jaurtiketa batekin. Oraingoan, baina, Foulquier gurutzatu zaio eta baloiak ez du aterako bidea aurkitu.

Valentziak ordea azkar erantzun nahi izan du eta 47. minutuan epaileak etxeko taldearen aldeko penaltia adierazi du. Hala ere, VARretik deitu dutenean, bere erabakia aldatu du eta ezerezean utzi du jokaldia.

Ez Realak ezta Valentziak ere ez dute amore eman eta etxekoak berriro ahalegindu dira bigarren gola lortzen. Jesus Vazquezek egindako jaurtiketa batek nabarmen larritu du Remiro eta nafarrak sekulako geldiketa egin du baloia kornerrera bidaliz. Valentziak kornerra motzean jokatu du area ertzera eta Samu Linok egindako jaurtiketak zutoinean jo du.

Azkenean, Realak ezin izan dio golik egin Valentziari eta Imanol Alguacilen taldeak ez du punturik bildu Mestallan.

Fitxa teknikoa:

1 – Valentzia: Mamardashvili; Foulquier, Paulista (Cömert, 46. min), Diakhaby, Lato (Vazquez, 78. min); Guillamon, Yunus (Ilaix, 78. min), Almeida (Cenk, 90. min) Lino; Castillejo (Thierry, 63. min) eta Hugo Duro.

0- Reala: Remiro; Barrene (Sola, 46. min), Zubeldia, Le Normand, Rico (Aihen, 63. min); Brais Mendez (Illarra, 73. min), Zubimendi, Take Kubo (Carlos Fdez, 74. min), Merino; Soloth eta Oyarzabal.

Gola: 1-0, 40. min: Zubeldia (bere atean).

Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horiak: Foulquier, Yunus, Castillejo, Lato eta Mamardashvili (etxekoak) eta Zubimendi eta Rico (bisitariak).