Itxi

Osasuna

Santander Liga

Chimyk eta Aitor Fernandezek garaipena eman diote Osasunari Celtaren aurka (1-2)

B. L. G. | EITB MEDIA

Argentinarrak bi gol eder egin ditu lehen zatian eta arrasatearrak, berriz, 88. minutuan berdinketa ekidin duen geldiketa ikusgarria egin du.

  • Osasunako jokalariak

    Osasunako jokalariak bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipena lortu du Balaidosen Chimy Avilaren bi golei eta Aitor Fernandezen geldiketa ikusgarri bati esker. Nafarrek nahikoa izan dute lehen zatian sartutako bi golekin partida irabazteko eta sailkapenean Europako postuetan sartzeko.

Celta - Osasuna partidako laburpena (1-2)

Osasunak lehen zatian izan duen lehen aukeran egin du gola. Moi Gomezek pasea eman dio Chimy Avilari eta argentinarrak erremate bikain batekin lortu du gola (7. minutuan). Chimyk oinaren kanpoaldearekin jaurti eta zutoinaren ondotik lortu du baloia sareratzea.

Celtak kikiltzetik urrun, erasoari ekin dio. Gola jaso eta 3 minutura, Javi Galanek kanpora bidali du baloia Iago Aspasen erdiraketa eta gero. 17. minutuan bi aukera izan dituzte galiziarrek. Lehena Oscar Rodriguezek izan du, baina Aitor Fernandez atezainak ongi gelditu du. Kornerrean Larsenek erremate arriskutsua egin du baina baloia kanpora joan da.

Abisuak besterik ez dira izan horiek, baina 18. minutuan Iago Aspasek gol bikaina egin du: Cervik atzera pasea egin eta area barruan bakarrik errematatu du Moañakoak.

Lasaitu egin da norgehiagoka hurrengo minutuetan baina 27. Minutuan bigarrenez kolpatu du Chimy Avilak galiziarren atea. Oraingoan, Manu Sanchezek egindako erdiraketa bat bidali du ate barrura, buruz. Arratsaldeko bere bigarren gola ere dotorea izan da, urrutitik eman du burukada eta lurrean jo eta gero sartu da Celtaren atean.

Chimyk aurretik jarri ditu gorritxoak lehen zatian eta hala heldu dira atsedenaldira. Bigarren zatia lasaiagoa izan da. Celtak saiakera ugari egin baditu ere, hasierako minutuetan ez du aukera garbirik izan Aitor Fernandezen atean. Osasuna ez da lehen zatian bezain oldarkorra izan eta emaitzari heldu dio.

Osasunaren aukera garbiena 67. minutuan izan da. Nacho Vidalek airez errematatu du baina jaurtiketa zutoinaren ondotik joan da kanpora.

77. minutuan, epaileak Celtaren aldeko penaltia eman du. VARak, ordea, epailearen erabakia zuzendu eta ezerezean utzi du Celtak berdinketa lortzeko zuen aukera. Une hortan partida berriro erritmoa hartzen hasi da. Osasuna presio altua egiten hasi da eta Celtak indartsuago ekin dio berdinketaren bila.

84. minutuan Celtako kapitainak, Iago Aspasek, erremate ikusgarria egin du, erdiraketa bat artaziz errematatuta. Aitor Fernandezek, baina, zailtasunik gabe hartu du baloia.

Zailago izan du Arrasateko atezainak 88. minutuan Pacienciaren jaurtiketa geratzeko. Erremate indartsua egin du Celtako jokalariak eta Fernandezek maisuki blokatu du, garaipena ziurtatuz.

Osasunak irabazi egin du etxetik kanpo eta bosgarren da Santander Ligako sailkapenean 7 garaipenekin.


Fitxa teknikoa:

1 - RC Celta: Marchesín; Mingueza, Aidoo, Unai Núñez, Javi Galán; Carles Pérez (Swedberg, 56. minutua), Beltrán, Óscar Rodríguez, Cervi (Pablo Durán, 86. minutua); Aspas y Larsen (Paciencia, 56. minutua).

2 - Osasuna: Aitor Fernández; Rubén Peña (Rubén García, 82. minutua), Unai Unai García, David García, Manu Sánchez; Aimar Oroz (Moncayola, 71. minutua), Torró, Moi Gómez; Chimy Ávila (Darko, 82. minutua), Kike Barja (Nacho Vidal, 62. minutua) eta Budimir.

Golak: 0-1 Chimy Ávila, 7. minutuan; 1-1 Iago Aspas, 18. minutuan; 1-2 Chimy Ávila, 28. minutuan.

Epailea: Figueroa Vázquez. Txartel horiak atera dizkie Celtako Swedbergi (65. min) eta Osasunako Unai Garciari (5. min), Chimy Avilari (15. min), Aimar Orozi (41. min) eta Kike Garciari (87. min).