Reala
21. JARDUNALDIA
Realak 2-3 irabazi du Espanyolen aurka espero baino gehiago sufrituta
B. L. G. | EITB MEDIA
Txuri-urdinak 0-3 jarri dira aurretik 60. minuturako. Etxeko taldeak, baina, ez du amore eman, eta jaitsiera postuetatik aldentzeko beharrak 2-3 jartzera eraman ditu, Reala azken minuturaino estu hartuz.
-
Realeko jokalariak Sorlothen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak irabazi egin du Espanyolen aurkako partida. Hasieratik agindu badute ere, 60. minuturako 0-3 aurretik joanda, espero baino gehiago sufritu dute Imanolek zuzendutako mutilek; izan ere, Espanyolek 2-3 jartzea lortu du, eta donostiarrak larri ibili dira garaipena poltsikoratzeko.
Espanyol-Reala partidako laburpena
Etxeko taldea bizi-bizi zelairatu da, eta laugarren minuturako sortu du lehen aukera garbia. Calerok buruz errematatu du Darderrek egindako erdiraketa, eta Remirok erantzun benetan azkarra eman behar izan du gola ekiditeko.
Etxekoak ondo hasi badira ere, Reala berehala nagusitu da baloiarekin, eta txuri-urdinek nahikoa erraz baretu dute hasierako oldarraldia. Oyarzabal area kanpotik egindako jaurtiketa gogor batekin ahalegindu da Alvaro gainditzen, baina atezainak arazo handirik gabe geratu du kapitainaren ezkerkada.
Jabetza bereganatuta, Reala lasaiago aritu da eta aukera ugari sortu ditu erasoan. Hala heldu da partidako lehen gola. Illarramendik penalti puntura erdiratu, eta Sorlothek errematatzen asmatu ez badu ere, Take Kubok jaso du baloia area ertzean, eta gol bikaina egin du txuri-urdinak aurreratzeko.
Gola sartu ondoren, Alguacilek zuzendutako taldea are nagusiago aritu da eta abantaila handitzeko aukerak izan ditu. Horrela, 29. minutuan Zubimendik baloi dotorea jarri du goitik, eta Braisek buruz luzatu du. Cabrerak aldendu ez balu, Sorlothek errematatzeko aukera izan zezakeen.
Azkar erantzun diote abagune horri etxekoek, erreakzioaren bila, Souza brasildarrak urrunetik jaurtiketa lehor bat egin, eta Remiro baloia kornerrera bidaltzera behartu du.
Reala, baina, ez da kikildu, eta 36. minutuan, taldeko jokaldi azkar batean, bigarrena sartzekotan egon dira Donostiakoak. Takek Oyarzabali baloia eman, eta honek Sorlothi pasea egin ondoren, norvegiarrak ez du asmatu. Atsedenaldira iristerako, Reala nagusi izan da jokoan eta markagailuan.
Atsedenalditik bueltan, Espanyol berdinketaren bila zelairatu da. Txuri-urdinak estutu ditu etxeko taldeak. Sorlothek zapuztu die une ona kataluniarrei. Oyarzabalek hegalean sakonean pase bat jaso du, eta azpitik erdiratu du Sorlothek bigarren gola egiteko.
Hamar minutu igaro dira Realak hirugarren gola erdietsi duenerako. Takek baloia erdiratu, eta Cabrerak buruarekin desbideratu du, baina gola bere atean sartuta. Donostiarrak 0-3 jarri dira aurretik partida amaitzeko ordu erdi falta zela, eta partidak erabakita zirudien.
Espanyolek, ordea, ez du amore eman, eta 74. minutuan, lehen kolpea eman du markagailuan. Denisek jaurtitako falta batean, Puadoren errematea gelditu du Remirok, lehenik; aldaratzea, berriz, Darderrek hartu du, eta erdilariak ez du barkatu.
Abantailak nahikoa zirudien Realarentzat, eta ez zirudien partidaren norabidea aldatuko zenik. Bigarren zatiaren hondarrean, 87. minutuan, baina, alarma guztiak piztu dira: Olivanek bigarrena egin du Espanyolentzat, bakarkako jokaldi batean.
Azken minutuak luze egin zaizkie gipuzkoarrei, eta partida lokartzen saiatu dira, etxekoen aukerak ahalik eta gehien murrizteko. Azkenerako, garaipena eskuratu du Realak, eta sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen du, sendo.
Fitxa teknikoa:
2 - Espanyol: Álvaro Fernández; Óscar Gil (Rubén Sánchez, 46. min), Cabrera, Calero (Sergi Gómez, 44. min), Brian Oliván; Darder, Vini Souza (Gragera, 90. min); Aleix Vidal (Lazo, 69. min), Nico Melamed (Denis Suárez, 46. min), Puado eta Braithwaite.
3 - Reala: Remiro; Barrenetxea (Sola, 81. min), Zubeldia, Le Normand, Diego Rico; Zubimendi, Illarramendi (Marín, 81. min), Brais Mendez (Merino, 71. min), Kubo; Oyarzabal (Navarro, 71. min) eta Sorloth (Carlos Fernández, 81. min).
Golak: 0-1, 23. min: Kubo; 0-2, 51. min: Sorloth; 0-3, 63. min: Cabrera (bere atean); 1-3, 74. min: Darder; 2-3, 87. min: Brian Oliván.
Epailea: Muñiz Ruiz. Cabrera egotzi du, bi txartel horia aterata (80. minutuan eta 94. minutuan). Txartel horiak: Oscar Gil (18. min), Braithwaite (57. min) eta Carlos Fernandez (90. min).