Itxi

Reala

PUNTURIK GABE

2 eta 1 galdu du Realak Getaferen aurka

B. L. G. | EITB MEDIA

Imanolen mutilek ezin izan dute punturik atera Coliseumean eta esku-hutsik atera dira handik. Sadiqek zelaia lesionatuta utzi behar izan du 35. minutuan.

  • Pacheko

    Pacheko partida amaieran. Argazkia: EFE

Realak 2 eta 1 galdu du Getaferen aurka. Hasieratik indartsu atera dira madrildarrak eta txuri-urdinek ezin izan diete aurre egin. Enes Unalek lehen zatiko luzapenean egindako gol ikusgarri batek eta atsedenalditik bueltan Aleñak lortutakoak ezerezean utzi ditu Alguacilen gizonen saiakera guztiak, nahiz eta Braisek goiz egin duen bi eta batekoa.

Getafe - Reala (2-1) partidako laburpena eta golak

Urdinen lehen aukera garbia 10. minutuan izan da, donostiarrek gola ekidin dute, baina epaileak, VARaren laguntzarekin, penaltia adierazi du. Hala ere, Remiro atepean handi egin eta jaurtiketa gelditu du. Bazirudien Realak une horretan indarrak bildu eta egoerari buelta ematen saiatu dela eta 19. minutuan Alex Solak ezkerrarekin jaurtiketa on bat egin du, baina kanpora joan da.

35. minutuan heldu da Realarentzako albiste txarrena. Umar Sadiq, aurrelari fitxatu berriak, gaizki zapaldu eta belaunean min hartu du. Lesioak ez zuen itxura onik eta Momo Chok ordezkatu du nigeriarra.

Reala markagailuan aurreratzen saiatu da eta lehen zatiko 47. minutuan Sorloth berriro ahalegindu da gola egiten, norvegiarrak ez du saririk jaso. Bai ordea Getafek. Bi minutu beranduago, luzapeneko azken minutuan, Enes Unalek faltaz aurreratu ditu urdinak. Jaurtiketa indartsu eta neurtu bat egin du turkiarrak Remiroren atera eta sekulako gola egin du.

Atsedenaldiaren ostean, berehala egin du bigarrena Aleñak (47. minutuan). Hala ere, Realak ez du berehala aldea laburtzeko aukera galdu eta 49. minutuan, Momo Chok areara egindako erdiraketa neurtu bat, bikain errematatu du Brais Mendezek, Realaren lehenengo gola eta bakarra eginez.

Reala saiatu da berdinketaren gola egiten, Merinok minutu gutxian (57. eta 58. minutuetan) izan dituen bi aukera kasu (bata buruz, bestea area kanpotik egindako jaurtiketa batean). Baina Ez diote David Soriari lan gehiegi eman.

72. minutuan Getafek beste susto bat eman du. Izan ere zutoinean jo du madrildarrek egindako jaurtiketa batek.

Realak berdinketa egiteko izan duen aukera garbiena 86. minutuan heldu da. Korner batean Merinok bikain errematatu du baina Soriak geldiketa on bat egin eta baloiak langan jo du.

Txuri-urdinek ezin izan diote bolada onari eutsi eta esku-hutsik itzuliko dira Donostiara. Ostegunean Europa Ligako partida jokatuko dute Omonia Nikosiaren aurka, Reale Arenan.  

Fitxa Teknikoa:

2 - Getafe: David Soria; Damián, Gastón, Duarte, Mitrovic, Angileri (Juan Iglesias, 52. minutuan); Maksimovic, Algobia (Seoane, 60. minutuan), Aleñá (Portu, 70. minutan); Enes Unal eta Borja Mayoral (Munir, 70. minutuan).

1 - Real Sociedad: Remiro; Sola (Gorosabel, 70. minutuan), Zubeldia, Pacheco, Ahien; Zubimendi, Mikel Merino, Turrientes (Silva, 46. minutuan), Take Kubo (Brais Méndez, 46. minutuan); Sadiq (Cho, 38. minutuan) eta Sorloth (Karrikaburu, 82. minutuan).

Golak: 1-0: 45. minutuan Enes Unal; 2-0: 48. minutuan Aleñá; 2-1: 50. minutuan Brais Méndez.

Epailea: Juan Luis Pulido Santana. Txartel horia erakutsi die Getafeko Aleñári (41. minutuan), Iglesiasi (56. minutuan), Damiáni (86. minutuan) eta Duarteri (90. minutuan) del Getafe; eta Realeko Gorosabeli (74. minutuan).