Itxi

Futbola

Euskal Derbia

Reala garaile atera da Sadarretik Osasunaren aurkako derbian (0-2)

I. G. | EITB MEDIA

Lehia oso parekatua izan da eta azkenean donostiarren alde erabaki da Sergio Herrerak bere atean sartutako golari eta Take Kubok azken minutuetan sartutako beste bati esker.

  • Osasuna eta Realaren arteko derbia

    Osasuna eta Realaren arteko derbia. Argazkia: EFE

Realak irabazi du ostiral honetan Sadarren Osasunaren aurka jokatutako euskal derbia (0-2), Santander Ligako 32. jardunaldiari hasiera eman dion partidan. Lehia oso parekatua izan da eta azkenean donostiarren alde erabaki da Sergio Herrerak bere atean sartutako golari eta Take Kubok azken minutuetan sartutako beste bati esker.

Osasuna - Reala partidako laburpena

Arrasatek eta Imanolek hamaikakoetan txandakatzea erabaki dute. Iker Muñoz izan da berritasuna nafarren hamaikakoan, eta Reala, berriz, Barrenetxea, Cho eta Carlos Fernandezekin zelairatu da.

Partidako lehen abagunea talde txuri-urdinaren eskutik iritsi da. Korner batek baloia Merinoren oinetan utzi du, baina gorritxoen jokalari ohiak ezin izan du baloia ondo kontrolatu eta bere jaurtiketa gora joan da gutxigatik.

Hala ere, bi minutu geroago iritsi da partidako lehen gola. Realaren kontraeraso on bat Barrenetxearen erdiraketa batekin amaitu da eta, zorte txarrarekin, Sergio Herrerak baloia bere atean sartu du (0-1).

Osasunak erantzun ona eman du Remiroren atera iritsi denean eta Kike Garciaren errematearekin. Gorritxoak jokaldi onak sortzen hasi dira, baina azken metroetan ideiak falta zitzaizkien.

Donostiarrek, aldiz, presio etengabea egin dute aurkariaren zelaian, etxekoen akatsak eraginez eta talde nafarraren atea behin eta berriz zelatatuz.

Osasunak protagonismoa irabazi du partidaren ordu laurdenetik aurrera eta Kike Garciak beste aukera bat izan du. Aridanek alboko falta baten aldaratzea jaso du eta baloia jarri du aurrelariaren errematerako, kanpora joan dena.

Merinok beste bi aukera izan ditu areaz kanpotik: horietako bat kanpora joan zaio berriro, eta bigarrenean ez dio behar besteko indarrik jarri hankari, eta Herrerak ez du hura gelditzeko arazorik izan.

Jokoa talken banaketa bihurtu da bi aldeetatik. Bi taldeek jokaldi landuak sortu dituzte, baina area ingurura hurbiltzean aurkaria jokaldi horiek eteteaz arduratu da. Lehen zatiko erritmoa oso bizia izan da, neke fisiko handiarekin, eta sarritan faltak egin behar izan dituzte jokoa eteteko.

Chok bigarren gola sartzeko aukera izan du Realarentzat, baina talde nafarraren atezainak saihestu egin du geldiketa bikaina eginez, atsedenaldira alde txikienarekin joateko.

Bigarren zatia Osasunaren abagune bikain batekin hasi da. Hainbat jokalari sartu dira donostiarren eremuan, bai erasotzaileak, bai atzelariak. Aimar Oroz, Kike Barja eta Ruben Peña saiatu dira gola egiten, baina jokalari gehiegi zeuden aurrean.

Reala jokoari etenaldia ematen saiatu da, baloia bere jabetzan edukitzen eta pixkanaka hurbiltzen, arriskua sortzeko. Osasuna, berriz, partida berdintzen saiatu da modu guztietara.

67. minutuan Oyarzabalek partida ixteko abagunerik argiena izan du. Sorlothek lasterketa ikusgarria egin du hegaletik bere defendatzailearengandik aldendu eta baloia sarera bultzatu behar zuen gipuzkoarrari laguntzeko. Baina Herrera azaldu da bere taldeari itxaropena ematen zion geldiketa ikusgarri bat egiteko.

Handik gutxira norvegiarrak galdu du alferrik bere aukera. Ateari begira uzten zion zulorako pasea jaso du, baina aurrelariak zutoinera bidali du.

Take Kubok 90. minutuan itxi du partida Realaren garaipena ziurtatu duen golarekin (0-2).

Fitxa teknikoa

0 – Osasuna: Sergio Herrera; Peña (Ruben Garcia, 69. min), Aridane, Juan Cruz, Manu Sanchez; Iker Muñoz (Torro, 74. min); Kike Barja (Chimy Avila, 69. min), Moncayola, Aimar (Ibañez, 74. min), Moi Gomez; Kike Garcia. (Budimir 61. min).

2 – Reala: Remiro; Aritz (Gorosabel, 77. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi; Merino, Silva (Brais, 77. min), Barrene (Kubo, 64. min); Carlos (Sorloth, 64. min), Cho. (Oyarzabal, 46. min).

Golak: 0-1, 6. min: Sergio Herrera, bere atean. 0-1, 90. min: Take Kubo.

Epailea: Pizarro Gomez. Txartel horia atera die Juan Cruz, Manu Sanchez eta Zubeldia jokalariei.