Politika -

Europako hauteskundeak

Europan "estaturik gabeko nazioen" ahotsa izan nahi dute EH Bilduk, ERCk, BNGk eta Ara Mesek

Orain Errepublikak izenpean aurkeztuko dira lau indarrak ekaineko bozetan. Duela lau urte formula berarekin egin zuten euskaldunek, katalanek eta galiziarrek, baina oraingoan balearrak batuko zaizkie. Pernando Barrenaren ustez, "ultraeskuinari aurre egiteko" tresna izango da koalizioa.

Lau indarretako ordezkariak, gaurko aurkezpenean. Argazkia: @ehbildu
Lau indarretako ordezkariak, gaurko aurkezpenean.
Lau indarretako ordezkariak, gaurko aurkezpenean. Argazkia: @ehbildu

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu, ERC, BNG eta Ara Mes taldeak koalizioan aurkeztuko dira Europako hauteskundeetara, eta gaur sinatu dute koalizio akordioa. Duela lau urte bezala, Orain Errepublikak izenpean aurkeztuko dira hiru indarrak, eta oraingo honetan Balearretako aliantza batuko zaie. Hortaz, aliantza "indartsuagoa eta anbiziotsuagoa" osatu dute, Europan "estaturik gabeko nazioen" ahotsa izateko asmoz.

Koalizio akordioa izenpetzeko ekitaldia Bartzelonan egin dute, ERCk Kataluniako hiriburuan duen egoitzan. 

Aurkezpen ekitaldian izan dira Pernando Barrena europarlamentari eta EH Bilduko zuzendaritza politikoko kidea, Oriol Junqueras ERCko presidentea, Diana Riba eurodiputatu eta zerrenda burua, Ruben Cela BNGren Nazioarteko Harremanetarako zuzendaritzako burua eta Mateus Mates Ara Meseko koordinatzailea. 

Diana Riba hautagaiak nabarmendu duenez, Europar Batasunean "estaturik ez duten nazioen alde" arituko dira. Ribaren ustez, Orain Errepublikak koalizioak "nazio libre, justu, berde, feministen" alde jardungo du, eta "ultraeskuina geldiarazteko" eginahalak egingo ditu. 

Pernando Barrenak azpimarratu duenez, legegintzaldi honetan "erronka handiak" dituzte aurretik eta, besteak beste, "Europako integrazio proiektuaren etorkizuna" argitzeko balioko du. EH Bilduk "jarrera europazale" batekin aurre egingo dio erronka horri, eta Barrenak azpimarratu du Europako herrien autodeterminazio eskubidea gauzatzeko lanean jarraituko dutela Europako Parlamentuan. "Austeritate" politikei aurre egin ez ezik, giza segurtasunaren alde jardungo dutela adierazi du, beti ere, nazioarteko zuzenbidea errespetatuz eta bakearen defentsa eginez, "NATOz, gerraz eta militarismoaz hitz egiten digutenen aurrean".

Hori lortzeko lehen pausoa eskuin muturrari aurre egitea dela uste du: "Orain Errepublikak aukera ona izango da boto antifaxistarentzat".

Oriol Junqueras ERCko presidenteak, bere aldetik, Europaren garrantzia azpimarratu du nazio aitortzari dagokionez ez ezik, hizkuntza eta politika sozialen arloan ere.

BNGko ordezkariaren ustez, koalizioa "oso baliagarria" izan zen aurreko hauteskundeetan, eta indar subiranisten arteko elkarlanarekin konektatzen du.

Ara Mesek, berriz, koaliziora gehitzeko erabakia defendatu du: "Gure proiektu politikoa sendotzeko emandako pauso irmoa, ez inoren aurka".

2019ko bozetan Oriol Junqueras ERCko presidentea, kartzela zela, izan zen zerrendaburu. Esan bezala, errepublikanoek, EH Bilduk eta BNGk osatu zuten koalizioa; Mes per Mallorca taldea Compromisekin batera aurkeztu zen Europako hauteskundeetara. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europako hauteskundeak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC