Mundua -

Erlijioa

Alemaniako Eliza katolikoak bikote homosexualak bedeinkatuko ditu 2026tik aurrera

Gainera, zelibatuaren praktika aztertzearen eta emakumeen sermoien alde egin dute. Dibortzio baten ondoren bide zibiletik ezkondu diren bikote heterosexualen bedeinkazioak ere onartu dituzte.

Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako apaiz katolikoek bikote homosexualen ezkontzak bedeinkatu ahal izango dituzte 2026tik aurrera, gaur Frankfurten Bide Sinodalaren konferentzia batek erabaki duenez.

Gotzainek eta sekularrek osatutako konferentziako 202 kideetatik 176k zeremonia horiek egitearen alde bozkatu dute; 14k, berriz, aurkako botoa eman dute, eta 12 abstenitu egin dira.

Hala ere, bedeinkapenak ez dira berehala indarrean sartuko, hiru urteko epea igaro ondoren baizik. Epe hori zeremoniaren liturgia zehatza eta beste alderdi formal batzuk finkatzeko erabiliko da, Alemaniako Gotzainen Biltzarraren eta beste organo batzuen parte-hartzearekin.

Ebazpenaren barruan, 'Maite diren bikoteentzako bedeinkazioak' izenburupean, Sinodal Bideak dibortzio baten ondoren bide zibiletik ezkondu diren bikote heterosexualen bedeinkazioak ere onartu ditu.

Bedeinkapen horien erregularizazioa Bide Sinodalaren aldarrikapen nagusietako bat zen. Erreforma-foro hori 2019an sortu zen, eta ez du Erromarekin talka saihestu; besteak beste, zelibatuaren praktika aztertzearen eta emakumeen sermoien alde egin du.

Aita santua: "Batzuetan zelibatuak matxismora eraman zaitzake"

Frantzisko aita santua Eliza katolikoaren barruan zelibatua "berrikusteko" prest agertu da, mendebaldeko elizaren "aldi baterako neurria" baita, Infobae atari argentinarrari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez.

Aita santuak aitortu duenez, "batzuetan zelibatuak matxismo batera eraman zaitzake", eta Vatikanoan ardura postuetan emakume gehiago izendatzeko beharra azpimarratu du.

Vatikanoak 2021ean adierazi zuen bikote homosexualen bedeinkapena ez dagoela baimenduta Eliza katolikoaren doktrinaren arabera, eta baieztatu zuen horrelako ezkontzak ezin direla "modu objektiboan onartu Jainkoaren planekin lerrokatuta" egongo balira bezala.

Sinodal Bideko bosgarren eta azken bilera gaur amaituko da Frankfurten. Alemaniako Eliza katolikoan adingabeei egindako abusuen eskandaluen ondorioz abiatu zen. Erreforma-prozesuaren aurkakoek eta aldekoek ikusminez jarraitu dute hitzordua hiru egunetan zehar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Homofobia Albisteak LGTBI Erlijioa Eliza Katolikoa