Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Gaur egingo diote autopsia Donibane Lohizuneko hotel batean hilda aurkitu zuten emakumeari

37 urteko bikotekideak atxilotuta jarraitzen du, eta arratsaldean eramango dute epailearen aurrera. Hilketa matxista salatzeko, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Donibane Lohizunen.

Baionako polizia-etxea. Artxiboko irudia.
Baionako polizia-etxea
Baionako polizia-etxea. Artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egingo diote autopsia joan den ostiralean Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paris hotelean hilda aurkitu zuten 34 urteko emakumeari. Indarkeria zantzu bortitzekin aurkitu zuten gorpua, hoteleko logela batean. Atzo egindako agerraldian eman zituen Jerome Bourrier Baionako fiskalak ikerketari buruzko zenbait xehetasun, eta nabarmendu zuenez, hilketa "basatia" izan zen.

Ostiralean bertan atxilotu zuten biktimaren bikotekidea, ustezko hiltzailea delakoan, eta fiskalak baieztatu zuenez gaur eramango dute epailearen aurrera.

Emakumeari hanka eta eskuak lotu zizkioten, eta buru-hezurra, matrailezurra edota ukondoa mailukadaz apurtu zizkioten. Bourrierren arabera, bortxatu izana ere ez dute baztertzen. "Egoera dramatikoa eta prekarioa bizi zuen bikoteak, drogak eta prostituzioa tarteko", erantsi zuen. 

Ikertzaileek uste dute "aurrez pentsatuta egindako hilketa" bat dela. Kasu horietan, biziarteko espetxe zigorra aurreikusten du Frantziako legediak.

Hilketa matxista salatzeko, Ipar Euskal Herriko Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, 19:00etan, Donibane Lohizunen bertan,

Ziburuko gertakaria

Duela bi aste, apirilaren 14an, Ziburuko hotel batean balkoitik "erori" eta larri zauritu zen emakumea da ostiralean hilik aurkitu zutena.

Orduan ere atxilotu zuten gizonezkoa, 35 urtekoa, eraso matxista leporatuta, baina aske utzi zuten, hipotesiari eusteko froga faltagatik eta emakumea

Emakumea desagerturik zegoen maiatzaren 1etik, eta fiskalak jakinarazi du bere kabuz alde egin zuela ospitaletik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iparraldea berriak Gizartea albisteak Indarkeria matxista Albisteak Gaur Albisteak Lapurdi