Gizartea -

Palestinaren aldeko martxa

Gazako genozidioa gelditu eta Israelekin moztea aldarrikatu dute 3.500 lagunek Iruñean

Yala, Nafarroa Palestinarekin elkarteak antolatutako martxak "berehalako su-eten iraunkorra, Gazaren blokeoa amaitzea eta laguntza humanitarioa berehala sartzea" eskatu du. Deialdi bateratua egin dute Estatu osoan, eta ehun hiritan baino gehiagotan izan dira manifestazioak.

Palestinar herriaren aldeko manifestazioa Iruñean. EFE.
Palestinar herriaren aldeko manifestazioa Iruñean. EFE.
Palestinar herriaren aldeko manifestazioa Iruñean. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinar herriari babesa helarazteko, kalera atera dira beste behin ehunka lagun Iruñean; 3.500 pertsona, Gobernu Ordezkaritzaren arabera. Gazako genozidioaren amaiera, berehalako su-eten iraunkorra, eta Espainiako Gobernuak Israelekin harreman diplomatikoak eta komertzialak haustea eskatu dute. 

Yala, Nafarroa Palestinarekin plataformak deitutako protesta Europa plazatik atera da eguerdia pasatxo zenean. Joaldun batek zintzarriak joz ireki du martxa, eta, ondoren, Palestinako mapa eta 'Itzuliko gara' mezua zuten kartelak eskuetan, emakume talde bat joan da, giltzen itxura zuten irudiak zeramatzaten pertsona batzuekin batera. Atzetik, 'Gelditu dezagun genozidioa Palestinan' zioen pankartari segika, gainerako manifestariak, horietako askok Palestinako banderak zeramatzatela. 

Ibilbidean zehar, hainbat lelo oihukatu dituzte manifestariek, besteak beste, 'Estatu sionista, estatu terrorista', 'Lapurtutako lurrak berreskuratuko dituzte', 'Israeli boikota' eta 'Non daude, ez dira ikusten, Israeli jarritako zigorrak'.

Bertan izan dira, besteak beste, Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Bel Pozueta EH Bilduko diputatua Kongresuan, Miguel Garrido Zurekin Nafarroa taldeko parlamentaria eta Jabi Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Maitane Melero Yala, Nafarroa Palestinarekin ekimenaren bozeramaileak Espainiako Gobernuari eskatu dio, "Gazan sei hilabete baino gehiagoz sarraski etengabe eta lazgarria izan ostean", "nazioarteko zuzenbidea betetzea, apartheid politikekin jarraitzen duen bitartean Israelekin harreman diplomatikoak eta komertzialak haustea, eta arma salerosketa bertan behera uztea".

"Israelek Rafahn egin asmo duen erasoa gogoan, berehalako su-eten iraunkorra, Gazako blokeoa amaitzea eta laguntza humanitarioa berehala sartzea eskatzen dugu, baita NBEren ebazpenak betetzea ere", aldarrikatu du.

Melerok azpimarratu duenez, "Espainiako Gobernuak eta Europako gobernuek betebeharra dute, nazioarteko zuzenbidearen arabera, genozidio hori gelditzeko".

Manifestazioa Antoniutti parkean amaitu da, eta Lidon Sorianok, Isa Egigurenek eta Ola Arafatek manifestu bat irakurri dute, gaztelaniaz, euskaraz eta arabieraz, "Israel genozidioa egiten ari dela" gaitzesteko.

Una mujer en la mainfestación de Oviedo. EFE.

Manifestazioak Espainia osoan

Iruñean irakurritako manifestu bera irakurri dute asteburu honetan Espainia osoko ehun hiritan baino gehiagotan egin diren manifestazioetan. Laugarrenez, deialdi bateratua egin dute Palestinako Okupazioaren aurkako Sare Solidarioak (Rescop) eta mobilizazio horietarako Koordinakundeak. "Palestinarekiko elkartasun mugimenduen aurkako errepresio gero eta handiagoaren aurrean Espainiako Estatuko gizarte sarearen erantzun kolektiboa" eman nahi izan dute horrela, beste behin ere. 

Zehazki, Espainiako Gobernuari eskatu diote "berehalako su-eten iraunkor baten eskaera gidatu dezala Israelek Gazako Zerrendan egindako okupazioaren genozidioarekin amaitzeko", "Israelekin armen eta teknologia militarraren eta segurtasunaren salerosketa amaitzeko", "Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian genozidioagatik aurkeztutako demanda babesteko" eta "jurisdikzio unibertsala berreskuratzeko".

Gainera, "Israelekin harreman diplomatikoak, instituzionalak, ekonomikoak eta kirol eta kultur alorrekoak haustea" eta "Palestinaren kolonizazioarekin konplize diren enpresei zigorrak ezartzea" eskatu diote, baita "Palestinarekiko elkartasunaren jazarpena eta kriminalizazioa amaitzea eta Mozal Legea indargabetzea" ere.

 

Manifestación en Madrid. EFE.

Manifestación en Valencia. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Espainiako Gobernua Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Manifestazioak Giza eskubideak Ekialde Hurbila