Gizartea -

Thailandiatik etxera

Kanpaina solidarioa Basaurin, Thailandian gaixorik dagoen herrikidea etxeratzen laguntzeko

"El Maño" Basozelai auzoko auzokideen elkarteak itsulapikoak banatu ditu herriko 84 saltoki eta tabernatan, eta ekitaldi solidarioak antolatu dituzte hilaren 27 eta 28rako.

Alex aberriratzeko kanpainaren aurkezpena. EITB Media
Alex aberriratzeko kanpainaren aurkezpena. EITB Media
Alex aberriratzeko kanpainaren aurkezpena. EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"El Maño" Basauriko Basozelai auzoko auzokideen elkarteak "Ayúdanos a traer a Alex a casa" (Lagun iezaguzu Alex etxera ekartzen) kanpaina solidarioa jarri du martxan, Thailandian gaixorik dagoen herritarra aberriratzen laguntzeko. Alex Garcia Galas, jaiotzez basauriarra eta Donostiako bizilaguna, pankreatitis akutuak jota ospitaleratu behar izan zuten Thailandian

Auzo-elkarteak auzoan bertan bizi den familiari lagundu nahi dio kostu ekonomiko handiari aurre egiten, tratamenduaz gain, hura euren kasa ekartzeko saiakera garestia izan delako, Basauriko Udalak jakitera eman duenez. 

Duela egun batzuetatik, auzoko nahiz herri osoko saltoki, taberna eta jatetxeetan dirua biltzeko itsulapikoak jarri dituzte, "Lagun iezaguzu Alex etxera ekartzen" leloarekin. 

84 dituzte jarrita oraingoz, baina, eskaerak bultzatuta, gehiago jarriko dituztela iragarri du Gorka del Rio "El Maño" Basozelaiko auzokideen elkarteko kideak, eta "itsulapiko sorta berri bat iristeko zain" daudela. 

Gainera, apirilaren 27rako eta 28rako, ekitaldi solidarioak antolatu dituzte, diru gehiago biltzeko asmoz. 

Hilaren 27an, larunbatean, arratsaldez, Solabarria plazan, haurrentzako parkea jarriko dute, puzgarri eta guzti; izan ere, Alex Garciaren familiak haurrentzako ekitaldiak antolatzeko enpresa bat du. Sarrerak prezio sinbolikoa izango du. 

Gainera, igandean, hilaren 28an, hitzordu gastronomikoa izango da San Jose ikastetxeko patioan. 12:00etatik aurrera, urdaiazpiko moztailea izango da, eta, ondoren, paella solidarioa. Paella plater bat, edaria eta ogia emango dituzte, "prezio herrikoian", eta barra eta musika izango dira. 

Bi egun solidarioetan, bereziki igandean, errifetarako txartelak salduko dira. Zozkatuko diren produktuen artean, herriko dendariek emandakoak daude. Igandean, 18:00etan, bingo solidarioa izango da, eta saria Iker Muniainek emandako Athleticen kamiseta bat izango da.  "Basuriarrek beti erakutsi izan dugu, gure bizilagun batek beharra duenean, dena ematen dugula laguntzeko, eta, beraz, ahalik eta diru gehien biltzea espero dugu", esan dute Basozelaiko auzokideek. Gaineratu dutenez, Alex laster etxeratuko dutela dirudien arren, "Alexek eta familiak jaso dezaketen laguntza guztiak ongietorriak izango dira, gastu handiei egin behar dietelako aurre".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Basauri Bizkaia Gipuzkoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Thailandia