Gizartea -

BIZKAIA

Emakume bat eta gizon bat hil dira Ajangizko baserri batean piztutako sutean

Hildakoek 71 eta 73 urte zituzten. Beste emakume bat Gernikako Ospitalean artatu dute, kea arnastuta eta shock egoeran. Garrek baserriaren lehen solairua kiskali dute; bigarrenak keak eragindako kalteak bakarrik ditu. Baserria duela 6-7 urte erabat zaharberritu zuten, eta monumentu historikoa da.

Su hartu duen baserria. Argazkia: EITB
Su hartu duen baserria.
Bi pertsona hil dira eta bat zauritu da Ajangizko baserri batean izandako sutean

0:36

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona hil dira gaur Ajangizko (Bizkaia) baserri batean piztutako sute batean, Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez. 

Hildakoak 71 urteko emakume bat eta 73 urteko gizon bat dira, Auzokoa baserriko (Mendieta auzoko 49. zenbakia) bizilagunak. Beste pertsona bat, emakume bat, Gernikako Ospitalera eraman dute lehenengo, kea arnastuta eta shock egoeran, eta Galdakaoko Ospitalera eraman dute gero. 

Ertzaintzak 10:00ak jota zirenean jaso du abisua, eta larrialdi zerbitzuak, osasun langileak eta suhiltzaileak bertaratu dira. Baserriaren barruan hilotz topatu dituzte biak.

Garrek baserriaren lehen solairua kiskali dute; bigarrenak keak eragindako kalteak bakarrik ditu. 

Ertzaintzak ikerketa abiatu du zorigaiztoko gertakarien nondik norakoak argitzeko.

Koldo Carbonell Oihartzabal Ajangizko alkateak bertaratu diren komunikabideei adierazi dienez, biktimak "oso ezagunak eta maitatuak" dira herrian.

"Denek ezagutzen zituzten eta haiekin harremana zuten; denak atsekabetuta gaude", esan du, eta baserria monumentu historiko gisa katalogatuta dagoela azaldu du.

Udalak dolu-xingola beltza jarri du udaletxeko ikurrinean, "herriko norbait hiltzen den bakoitzean egiten dugun bezala", alkatearen arabera. Horren hitzetan, gaurkoa "oso egun gogorra izan da herri osoarentzat".

Baserritik gertu dagoen etxe bateko bizilagunaren esanetan, suteaz ohartu direnean "dena kea zen, leihoetatik ateratzen zen, alboetatik... Nire senarra eta hemendik paseatzen ari zen beste gizon bat sartzen saiatu dira, baina hainbeste kerekin ezinezkoa zen".

Baserria duela 6 edo 7 urte erabat zaharberritu zutela ere erantsi du, eta barruan "dena egurrezkoa" zela. Gizona bertakoa zen; haren emaztea eta arreba, berriz, Bilbon jaiotakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Suhiltzaileak