Pandemia hasi zenetik, covid-19ari buruzko albisteek komunikabideen programazio gehiena bereganatu dute mundu osoan. Konfinamendua eta lehen alarma egoera piztu eta urtebetera, pandemiari buruzko albisteek hedabideen agendak markatzen jarraitzen dute.
Egoera horri, gainera, hainbat kanaletan zabaldutako albiste faltsuak eta desinformazioa gehitu behar zaizkio, eta, horren ondorioz, zenbait adituk infodemia izan daitekeela ohartarazi dute.
Julen Orbegozo kazetari eta EHUko irakasleak uste du litekeena dela komunikabideek pandemiaren jarraipenean "gehiegikeriak" egin izana. Covid-19a mundu osoan eragin handia izan duen gaixotasun bat da, eta gizarte-klase guztiei, pertsona guztiei eta esparru guztiei eragin die, ekonomia zein gizarte alorrean. “Beraz, logikoa da komunikabideek arreta oso handia eskaintzea horri, baina hortik harago, ez dakit ez duten esajeratu pittin bat; ia urtebetean informazioaren erdia edo gehiago birus edo pandemia batek kutsatu du”, adierazi du.
Orbegozoren arabera, hedabideek istorio bat sortu dute pandemiaren inguruan aktore batzuekin, korapilo batekin, txertoekin askatuko zela zirudiena baina oraindik askatu ez dena, eta amaiera batekin. Gainera, zehaztu duenez, beldurraren inguruan eraikitako kontakizuna izan da; izan ere, “beldurraren markoa erabiltzen ari dira jendeari zerbait eginarazteko”.