Itxi

Vikingak

Vikingak

Vikingak

Udako programazioa

EITBk "Vikingak" saio berria estreinatuko du gaur

EITB Media

Hiru lagun izango ditu protagonista, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Zuriñe Hidalgo, zeinak, autokarabana hartuta, batera eta bestera ibiliko diren Euskal Herrian barrena. Asteazkenero izango da ikusgai 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.

0:44
Erika Olaizola, Zuriñe Hidalgo eta Amancay Gaztañaga

Amancay Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Zuriñe Hidalgok osatutako hirukoaren eskutik, "Vikingak" saio berria estreinatuko du EITBk gaur, uztailak 20. Hiru protagonistek Euskal Herriko zenbait txoko zeharkatuko dituzte autokarabana batean, hainbat abentura bizi bitartean. 

Hirukoak azalduko du asteazken gauero ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango den programa naturala eta gertukoa dela eurena: "osagai asko eta oso ezberdinak nahastuko ditugu, hitza eta ekintza batzen dituen saio berritzaile eta apurtzailea egingo dugu". 

Euskal Herrian barrena egingo duten bidaian, vikingek hainbat pertsonarekin egingo dute topo. Batzuk herrikoak, bertakoak, izango dira eta beste batzuk, berriz, zenbait esparrutako aurpegi ezagunak: Itziar Ituño aktorea, Asier Illarramendi futbolaria, Maialen Gurbindo Chica Sobresalto abeslaria, Esty Quesada Soy Una Pringada aktore eta youtuberra...

Saio bakoitza gai baten inguruan eraikita egongo da (bihozkadak, plazera, gazteen erradiografia...), eta, kapitulu bakoitzean, protagonistek misio bat burutu beharko dute. Fikzioa eta errealitatearekin jolastuz, hitzetatik ekintzetara pasako dira; gai baten inguruan hausnartu eta eztabaidatu ondoren, akziora joko dute, hots, abentura bat biziko dute. 

"Hiru emakume oso zuzenak gara, oso zintzoak, eta askotariko gaiak landu eta horien inguruan hausnartuko dugu filtrorik gabe", azaldu du Zuriñe Hidalgok. Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolarekin batera, hirurak dira "Vikingak" proiektuaren sortzaileak. "Sormenak toki handia izan du gure imajinarioa eta ideiak burutzeko", aitortu du Erikak. "Abentura saio bat da, hainbat gai landuko dituena, baita laguntasunaren inguruko saioa ere", gehitu du Amancayk.

Telebistako zein bestelako euskarrietako pantailen beste aldean daudenekin konektatzea izango dute helburu, baita horiek harritzea eta ondo pasatzea ere. Horregatik, umoreak eta giro onak toki garrantzitsua izango dute.

"Vikingak" saioren abestia

Telebista proiektu pertsonal honi lotuta, saioaren musika propioa sortu dute Eñaut Gaztañagak eta Alejo Orbegozok eta "Vikingak" izeneko abestia GAZTEAren webgunean dago entzungai. Protagonistek aurreko astean estreinatu zuten kanta berria Gazteako "Dida" saioan, esklusiban. Hartara, telebistatik haratago, zenbait alor landu dituen sorkuntza lana bihurtu da "Vikingak".

Familian, kuadrillan edo bakarka ikusteko saio freskoa da "Vikingak", asteazkenero 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.