Bigarrenak
Tipula karamelatua
Tipula zuritu eta julianan moztu ondoren, kazo batean oliba olioa berotu eta tipula erregosten jarriko dugu, gatz apur batekin. 3-4 minuturen ostean, azukre integrala gehituko diogu, sua bizitu eta, buelta batzuk eman ostean, kolorez aldatzen den arte kozinatu behar da (kolorea ilundu arte). Ondoren, ur txorrotadatxo bat gehitu, sua jaitsi eta 15-20 minutuz egosten utzi. Egiten denean sutatik atera eta epeltzen utzi.
Opil beltza
Lehendabizi, legamia uretan disolbatu. Gero, gurina mikrouhin labean urtu. Segidan, ontzi sakon batean irina, azukrea, gatza, ikatz aktibatua eta soja lezitina nahasi behar dira. Ondoren, legamia disolbatua bere urarekin, esnea eta gurin urtua gehitu eta oratu.
Orearekin bola bat egin, ontzian sartu eta trapu batekin estali ondoren, tamainaz bikoizten den arte hartzitzen utzi. Orea desgasifikatu eta 100 g-ko bolatxotan banatuko dugu. Bola bakoitzari forma egokia eman eta labeko erretiluan paper sulfatatua gainean ipini, bata bestearengandik tartea utziz. 20-30 minutuz hartzitzen utziko ditugu.
Labea 210 graduan aurrez berotzen jarri. Esne apur batekin opil bakoitza margotu, sesamo haziak gainetik bota eta, labea 180 gradura jaitsi ondoren, 15-20 minutuz egosiko ditugu. Egiten direnean parrilla baten gainera atera eta hozten utzi.
Hanburgesak
Ontzi sakon batera ziapea, perrins saltsa, baratxuri lehorra eta perrexil xehatua isuri eta ongi nahasiko ditugu. Gero, indioilar haragi xehatua eta arrautzaren gorringoa gehitu eta ongi oratu. Hanburgesa forma eman eta zartaginean egin.
Aukezpena
Opil bat hartu eta, erditik moztu ondoren, zartagin batean zatitu dugun aldetik txigortuko dugu. Oinarrian nahi den saltsa bota eta hanburgesa bat jarriko dugu. Honen gainean gazta, tomatea, uraza, tipula karamelatua, luzokertxoa eta berriro ere nahi den saltsa ipiniko dugu. Opilaren goiko aldearekin itxi eta listo!
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa