Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Saria

Aipamen berezia "Teknopolis" saioaren ibilbideari, Foro Transfiere sarietan

EITB Media

Ikus-entzunezko arloan saritu dute. Transfiere Foroak urtero banatzen ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Dibulgazioa Sustatzeko Kazetaritza Sariak.

  • "Teknopolis" 2020-2021 denboraldiko lantaldea

    "Teknopolis" 2020-2021 denboraldiko lantaldea. Argazkia: EITB Media

Elhuyar Fundazioak eta EITBk elkarrekin ekoitzitako "Teknopolis" saioak saria jaso du Transfiere Foroak urtero banatzen dituen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Dibulgazioa Sustatzeko Kazetaritza Sarietan. Zehazki, aipamen berezia egin diote "Teknopolis" programaren ibilbideari, ikus-entzunezko arloan.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Europa mailako foroa da Transfiere, eta seigarren aldiz banatu du Kazetaritza Sariak. Sarion helburua da Espainian garatutako berrikuntza teknologikoa eta horren nazioarteko konbergentzia zabaldu eta jakitera emateko kazetariek eta dibulgatzaileek egiten duten lana aitortzea.

Hala, 2020an prentsan, irratian, telebistan edo/eta hedabide digitaletan argitaratutako lanak saritu ditu aurtengo edizioak, eta bertan "Teknopolis" programari aitortza egin diote, saioaren ibilbideari aipamen berezia eginda.

Izan ere, 23 denboraldi daramatza Euskal Telebistan "Teknopolis" programak, eta larunbatean izaten da ikusgai, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, ordu berean, ETB2n.

Astearte honetan, apirilak 13, egin dute sari banaketa, Malagan.

Sari ibilbide luzea

Urte hauetan guztietan, hainbat sari jaso ditu "Teknopolis"ek, tartean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Ihobek deitutako Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria 2018an Plastikoak txipiroi erara erreportajearekin, eta 2017an Gau bat muturluze piriniotarraren atzetik lanarekin; ASEBIO Espainiako bioteknologiako enpresen elkartearen saria 2017an CRIPSR/Cas9, genoma mozteko guraizeak erreportajearekin, eta 2016ko ASECIC Eugenio Tutor saria BICC Zine Zientifiko jaialdian. Beste sari hauek ere irabazi izan ditu saioak: VII. Tecnalia Kazetaritza saria (2015), IKASLAN Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastegi Publikoen Elkartearen saria (2014), Bioteknologiaren komunikazioaren eta dibulgazioaren Asebio/Genoma España saria (2011) eta zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria European Media Awards sariketan (2009).