Piztu Telebista
urtarrilaren 8an
Bueltan da "Piztu Telebista", jatorri eta harreman mota guztietako sofakide berriekin
"Mihiluze"ren ostean, asteazkenero izango dugu ikusgai Euskal Herriko familiek eta etxe berean bizi diren sofakideek telebista nola ikusten duten erakusten duen saioa. Aurten ere, jatorri eta harreman mota guztietako sofakideak izango ditugu protagonista.
-
Ainhoa eta Mari Goizuetako lagunak. Argazkia: EITB Media
Aurreko denboraldietan izandako arrakastaren bermearekin eta aurpegi berriekin itzuliko da "Piztu Telebista" ETB1eko programaziora urtarrilaren 8an. Gabon Zahar gauean emititutako saio berezian ezagutu genituen denboraldi honetan bidelagun izango ditugun zortzi etxekide berriak. Asteazken gauetan, 22:20tik aurrera, telebistako programak komentatzen eta bere erreakzioak ikus-entzuleekin partekatzen arituko dira astero euren etxeko egongelatik.
Sofakideak
Euskal gizartearen aniztasunaren erakusleiho izaten jarraitu nahi du "Piztu Telebista"k. Horregatik, jatorri eta harreman mota guztietako sofakideak izango ditugu protagonista denboraldi honetan.
Andoaingo bi amonak eta bilobak belaunaldien arteko lotura modu dibertigarrian erakutsiko digute. Gernikako kuadrilla jator bat ere ezagutuko dugu, laguntasunaren eta umorearen adibide garbia. Ikuspegi freskoa ekarriko digute, berriz, erreakzio ezin dibertigarriagoak dituzten Goizuetako bi lagun minek. Asier eta Gorane durangarrek bikote maitagarria osatzen dute. Gazteak izan arren, 10 urte daramatzate elkarrekin.
Zarautzen, Mixel eta Iñigo betiko lagunak dira eta kirola dute gogoko. Bestalde, Filosofia eta Antropologia zaletasunak unibertsitateko klase berera eraman zituen Sunita eta Malen. Irunen, Ikerrek eta Ionek lehenengo eguneko sugarra bizirik mantentzen jarraitzen dute, eta Bergaran, Iñigo eta Anartz aita-semeek Errekortari eskola dute. Nor baino nor burugogorragoa, ez da liskarrik faltako!
Orain arte bezala, familia guztiek saio berak ikusiko dituzte, baina telebista aurrean egoteko duten ohitura eta jarrera ezberdina izango da kasu bakoitzean. Naturaltasunez jokatuko dute, euren etxeetako egongelan telebistari begira. Euren komentario, erreakzio eta eztabaiden bitartez, pertsona horiek hurbilago ezagutzeko aukera izango dugu asteak aurrera joan ahala.
"Piztu Telebista" asteazkenero izango da ikusgai, 22:20an, ETB1en eta eitb.eus-en.